Gutxienez 5379 tortura kasu Euskal Herrian.

Euskal Herriko torturatuen ordezkaritza zabal bat bildu da Donostiako Intxaurrondo auzoan, Euskal Herriko tortura-kasuak 5379n finkatzen dituzten datu ofizialei buruzko balorazioa egiteko eta torturatutako pertsonen aitortza eta erreparazio integralaren zein ez errepikatzeko bermeen esparruan, oraindik lan asko falta dela aldarrikatzeko.

Intxaurrondoko ekitaldi honetan bildutako 500 torturatuen ordezkaritzaren izenean Ixone Fernándezek eta Patxi Arratibelek hartu zuten hitza. Hemen bildutako ordezkaritzak zabaldutako mezua:

5.379 tortura kasu Euskal Herrian datu ofizialen arabera.

Gure Herrian modu masibo eta sistematikoan torturatu dute.

Hemen bildutakoak Euskal Herriko historia hurbileko hainbat unetan tortura geure azalean jasan dugunon testigantza bizia gara. Euskal Herriko torturatuak gara. Eta agerraldi honen bidez, honako balorazio hau gizarteratu nahi dugu.

Duela aste batzuk aurkeztu zion Kriminologiaren Euskal Institutuak torturaren inguruko txostena Nafarroako Gobernuari. Txosten horrek, gutxienez, 1960tik 2015era arteko 1.068 tortura kasuren zifra lazgarria jarri du mahai gainean. 2017an Euskal Autonomia Erkidegoan aurkeztutako txostenean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 4.113 tortura kasu atera zituen argitara institutuak, 2021ean 198 kasu gehiago gehitu zituzten, orotara 4311 tortura kasu baieztatuz. Bi ikerketen baturak errealitate gordin bat azalarazi du 1960tik hona Hego Euskal Herrian: 5.379 tortura kasu, datu ofizialen arabera.

Badakigu, hala ere, ez direla guztiak. Nafarroa Garaian egindako txostenak islatu duen moduan, ikerketarekin jarraitzea gomendatzen dute; badakigu tortura kasu berriak agerian utziko dituela, EAEn egindako txostenaren garapenak azken urte hauetan kasu gehiago agerrarazi dituen bezala. Kopuru izugarriaz mintzo gara gurea bezalako herri txiki batentzat eta, horrek, Euskal Herrian modu masibo eta sistematikoan torturatu dutela adierazten du. Baina tortura zenbakiez harago doan errealitatea da, kasu edo kopuruek islatzen duten zauria sakonagoa da, eta bere ondorio politiko, sozial, kultural eta gizatiarrak ez dira oraindik bere osotasunean ezagutzen.

Ezagutzen ez diren ondorio horiek ezkutatu nahi izan duten errealitate bat agerian uzten dute: inpunitate osoz aurrera eramandako praktika bat, polizien, politikarien,, mediku-forentseen, epaileen eta hedabideen kolaborazioarekin. Espainiar estatuak tortura erabili du Euskal Herriko gatazka politikoaren baitan sei hamarkadatan zehar. Espainiar estatuak Guardia Zibila, Polizia Nazionala eta Ertzaintza erabili ditu Euskal Herrian militante politikoak torturatzeko hainbat testuinguru politikotan; eta horrek guztiak erantzuleak ditu. Inpunitatez aritutako erantzule ugari eta isiltasun gehiegi oraindik ere.

Nafarroa Garaiko eta Lakuako gobernuen txostenek zigilu ofiziala izan arren, torturatuon aitortzarako eta erreparaziorako bideak, oraindik orain, hutsune nabariak erakusten dizkigu, hutsune mingarriegiak. Horren adibide da EAEn txostena garatu ez izana: kaxoi baten barruan itxiz, ikusezin egin nahi duten errealitatea balitz bezala; edo Nafarroa Garaian 1979-2015 epeari zegokion txostena hainbat urte atzeratu izana, publiko egiteko egon diren oztopo guztiengatik.

Horregatik guztiagatik, Kriminologiaren Euskal Institutuak ofizialki argira ateratako tortura kasuak aintzat hartzeko deialdia egiten diegu Nafarroa Garaiko eta EAEko Gobernu eta arduradun instituzionalei. Torturaren errealitatea itzaletik argira atera dadin, torturatuon aitortza eta erreparazio sozial, politiko eta instituzionalaren bidean sakontzeko konpromiso eta ekimen irmoak eskatzen ditugu. Eta, jakina, ez errepikatzeko bermeak ezartzeko mekanismoak gara daitezen. Torturak gure herrian izan duen dimentsio osoa ezagutu ahal izateko.

Bukatzeko, egitasmo politiko baten berri ere eman nahi dugu agerraldi honen bidez. Otsailaren 13tik aurrera eta datozen hilabeteetan, Karpeta Urdinak dokumentala proiektatuko dugu Euskal Herriko hainbat txokotan. Lan zinematografiko horretan, Kriminologiaren Euskal Institutuak EAEn egindako torturari buruzko ikerketaren emaitzak azaltzen dira. Euskal Herrian torturaren errealitatea dokumentatzeko lan zientifiko horrek duen garrantzia eta balioa zabaltzeko oso tresna egokia dela deritzogu. Helburu honekin, aditzera ematen dugu wwww.karpetaurdinak.eus webgunea.

Eskerrik asko.