Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren presentziarik gabe. Gonbidaturik gabe. Eusko Legebiltzarreko ordezkaririk gabe. Erakundeetako buruen parte hartzerik gabe. Ekitaldi solemneetarako erabili ohi diren apaindutako areto handirik gabe. Halakoa izan da Eusko Jaurlaritzak onartu berri dituen indarkeria politikoaren lehen zortzi biktimen senideek Patxi Lopezen gobernuaren esku jaso duten onarpen ekitaldia.
Manot Txiki, Antonio Fernandez Elorriaga, Francisco Javier Nuñez Fernandez, Segundo Urteaga Perez de Unzueta, Francisco Javier Batarrita Elexpuru eta Alberto Soliño Mazachs biktimen senideak, bai eta Antxone Telleria Mendia biktima ere. 1960. eta 1978. urteen artean estatuaren indarkeria pairatu zuten zortzi lagunak Sufrimendu Bidegabeen Biktimen Balorazio Batzordeak biktimatzat hartu berri ditu Jaurlaritzak. Hainbeste urtetan «ahaztuta eta estalita» egon diren biktima horiei denei ekitaldi «xumea» eskaini nahi zien gobernuak, Idoia Mendia Justizia eta Herrizaingo sailburuak azaldu zuenez.
Ezohikoa izan zen ekitaldia, beste ezer baino gehiago: Lakuako egoitzako prentsa areto txiki batean, hedabideentzako tokirik gabe, eta sailburuak bat-batean egindako diskurtso batekin. Jaurlaritzaren dekretua eta lekukotzak biltzen dituen DVDa banatu zizkien Mendiak biktimen senideei, eta onarpen horrekin hasitako «bidearen» garrantzia azpimarratu zuen, «memoriaren zikloa ixteko» balio izango duelakoan. «Jatorri desberdina izanda ere, pertsona guztien sufrimendua berbera da».
Jaurlaritzaren onarpena jasotzeagatik «hunkituta», «eskertuta» eta «pozik» agertu ziren biktimen senitartekoak. Besteak beste, talde polizialek 1977an pozoituriko Francisco Javier Nuñezen alaba Inesek aitortu zuen urtetan «isilik eta bakardadean» sufritutakoa jendaurrean azaltzeko balio izan diola onarpenak, eta indarkeria politikoaren biktimak onartzeko legea eskatu zuen. Estatuaren biolentzia pairatu zuten beste askoren kasuak azaleratu daitezen «bidea ireki» duela esan zuen, bestalde, Mertxe Urtuzaga 1975ean fusilatu zuten Angel Otaegiren lehengusinak.