Victor Fernandez Otxoak Batallón Vasco Españolen atentatua jasan zuen 1981. urtean. Tetraplegiko geratu zen eta 14 urte beranduago hil zen. Bera eta gerra zikinaren biktimak oroitzeko eta aitortza osoa aldarrikatzeko ekitaldia antolatu dugu gaur Lezon, erasoaren 40. urteurrenean. Mikel Pascual Maizak hartu du hitza Egiari Zor Fundazioaren izenean.
Lezoko Altamira auzoko ekitaldian egindako hitzartzea:
Victor Fernandez Otxoa lezotarrak Batallón Vasco Españolen atentatua jasan zuen 1981. urteko otsailaren 21ean, Hernaniko taberna batean lanean zegoen bitartean. Gizonezko batek tiroa jo zion bizkarrean, eta tetraplegiko utzi zuen. 14 urte beranduago hil zen, sufrimendu latza jasan ostean. Azken urte luze horietan gaur bera oroitzera etorri garen auzo honetan bizi izan zen, Altamiran.
Hernani, Andoain eta Astigarragak osatzen duten eremuari “heriotzaren triangelua” goitizena jarri zioten 80. hamarkadaren hasiera hartan, Estatu Terrorismoaren hainbat eta hainbat erasoren jopuntu izan zelako.
Lau hamarkada baino gehiago pasa dira orduaz geroztik, Estatuak gerra zikina abian jarri zuenetik. 70eko eta 80ko hamarkadetan Estatu aparatuek gerra zikina baliatu zuten euskal errefuxiatuen, ezkerreko militanteen eta abertzaleen kontra egiteko. Francoren gobernuaren egiturek, SECEDek eta informazio zerbitzu militarrek jarri zuten martxan gerra zikin hori, baina UCDren eta PSOEren gobernuaren garaian, “Trantsizio Demokratikoa” deritzon horretan, hain zuzen ere, jarraipena izan zuen.
Baina terrorismo horren ardura politikoa oraindik inork ez du bere gain hartu. Siglak anitzak izan dira: Batallón Vasco-Español, GAE, Triple A, GAL… Indarkeriaren jatorria beti berdina izan da, ordea: Estatua. Ez dago biktimariorik gabeko biktimarik. Estatu Terrorismoa praktikatu eta ahalbidetu zutenek izen-abizenak dituzte. Erantzukizunak dituzte.
Guztira 79 pertsona hil ditu Estatu Terrorismoak, nahiz eta erailketa guztiak ez diren aldarrikatuak izan. Lehena, 1975. urtean. 40 urte baino gehiago pasa dira orduaz geroztik. Hainbat eta hainbat zauritu larri ere eragin zituen, Victor kasu. Baina, tamalez, nolabaiteko aitortza jaso duten biktimak oso gutxi izan dira.
Oraindik lehen eta bigarren mailako biktimak daude. Jasandako biolentziaren jatorriaren arabera, eskubide gehiago edo gutxiago dagozkie, nahiz eta kasu guztietan pairatutako giza eskubideen urraketa berbera izan.
Inpunitatea da nagusi. Arduradun oso gutxi izan ziren kondenatuak. Gainera, horiek segituan indultatu zituen Espainiako Gobernuak, eta kaleratuak izan ziren.
4 hamarkadaz inpunitatea jasan ostean, bizikidetza demokratikoa eraikitzeko garaia heldu dela uste dugu Egiari Zor Fundaziotik. Berriro horrelakorik gertatu ezin dadin. Biktima guztiak dagozkien eskubideen jabe izan daitezen. Diskriminaziorik gabe.
Horregatik da ezinbestekoa, gaur egiten ari garen moduan, herri honetan gertatutako guztia, biolentzia eta giza eskubideen urraketa oro, memoriaren parte izatea, gertatutakoa ezagutzea berriro horrelakorik errepikatuko ez dela bermatzeko bitartekorik efektiboena baita. Bilaka dadila, bada, gaur jarriko dugun plaka hau, memoria osoa eraikitzeko norabidean giltzarri.