"Estatuen errepresioa jasan dutenen memoriarekiko errespetua nahi dugu" azpimarratu du Egiari Zor Fundazioaren bozeramaleak. Susana Arregi zenaren anaia ere bada Karmelo Arregi. Susana Arregi eta Jon Lizarralde ETAko kideak hilda azaldu ziren Irunberrin 1990eko ekainean eta German Rubenach zaurituta agertu zen. Hark kontatu zion, bada, Guardia Zibilak atxilotu, torturatu eta hil zituela. Jarraian oñatiarrari Debagoienan egin zioten elkarrizketa osoa.
Zer da, nortzuk zarete Egiari zor?
Estatuen estrategia errepresiboaren ondorioz asesinatutako eta hildako pertsonen senitartekoek zein testuinguru horretan zauritutako eta torturatutako pertsonek osatzen dugu Egiari zor. Sustrai sakoneko gatazka politiko bat dago bertan, Espainiako eta Frantziako estatuen inposizio eta biolentziaren bidez sustatu izan dena. Kontuan izan behar da azkeneko 50 urteotan gatazkarekin lotuta sektore sozial, lan arloko eta herrikoi zabalen aurka bideratutako errepresio sufrimendu sorburu ukaezina izan dela. Gainera, bost hamarkadetan gatazka armatua ere izan da. Eta horrek ehunka pertsona hiltzea eta milaka zauritu, torturatu, espetxeratu eta mehatxatu izatea eragin du. Eskubide indibidualak ez ezik, uste dugu eskubide kolektibo eta politikoak ere nabarmen kaltetu direla. Eta estatuek eskubideak urratzeko eta haien sistema inposatzeko estrategia errepresiboak erabili baino ez dituzte egin, une oro gatazken oinarri politikoa ukatuz eta haren ondorioak ixilaraziz.
Zergatik sortu da orain?
Bizi dugun egoera historiko honetan erabat beharrezkoa ikusten genuen gure ahotsa ere entzunaraztea eta hainbat azalpen ematea. Gainera, oraindik konpontzear dagoen gatazkari bidezko konponbidea emateko erabateko konpromisoa dugula ere adierazten dugu.
Zer da aldarrikatzen duzuena?
Estatuen errepresioaren eta gatazkaren ondorioz hil diren, zauriak jasan dituzten edo torturatuak izan diren pertsona guztien oroimena eta duintasuna aldarrikatu nahi dugu. Borroka armatuaren eraginez senitarteko bat galdu dutenen sufrimendua ulertzen dugun bezala, haien sufrimenduarekiko sentsibilitate beretik, gureakiko eta estatuen errepresioa jasan dutenen memoriarekiko errespetua eskatzen dugu. Tratuari dagokionez, ezin dira biktimak bereizi eskubide urraketaren egileen edo momentu historikoaren arabera. Urraketa bera bada, bai onarpenak bai ordainak berak izan behar dute. Gatazkaren ondorioz hildako pertsona guztion arteko homologazioa eta parekotasuna ere ez datoz bat gure ikuspegiarekin.
Horren aurrean zer eskatzen duzue?
Giza eskubideen bortxaketa larriak jasan dituztenez, hildako pertsona guztien memoriarentzat eta kaltetu guztientzat errepresaliatu izaera onartzea exijituko dugu, baita maila instituzionalean eta sozialean erabateko onarpena ere bai. Aldi berean, estatuek, erakundeek eta alderdi politiko gehienek onartu eta nork bere gain hartu beharko dute giza eskubideen urraketan izan duten ardura; esaterako, gerra zikinean, torturan, poliziaren biolentzian, deportazioan, espetxe politikan eta abarrean. Hori egiten ez duten bitartean, gure egitekoa izango da etengabe gogoraraztea.
Zuen jardueraren helburuak, hortaz, errespetua, egia osoa lortzea eta ezagutza eta ordaina dira.
Bai, eta fundazioak saioa egingo du jasan dugun errealitatea ezagutarazteko eta partekatzeko, beti ere konponbide gakoan jarrita. Euskal Herrian abiatutako prozesuaren fase eta epe bakoitzean helburu zehatzak bilatuko ditugu eta lortzea espero dugu. Eta helburu hori lortzeko, etengabe eragile politiko, sindikal eta sozialengana, erakundeengana eta komunikabideengana joko dugu. Garbi daukagu ez dugula onartuko errealitatearen geure kontaketa kontuan ez hartzea.
Egiaren bilaketarako Egiaren batzordea oinarrizko tresnatzat duzue.
Bai eta eraginkorra izateko batzorde independente gisa osatu beharko da, Euskal Herri osoa erreferentziatzat hartuta, eta matxinada militar frankistaren garaitik gertatutakoa hartu beharko du kontuan. Gainera, konponbiderako justizia eta nazioarteko legediak giza eskubideen arloan jasotzen dituen irizpideak izango ditu oinarri.
Ordaina erabatekoa izan daiteke?
Ez, ezerk ez dizkigulako hildako gure senideak itzuliko. Dena den, nazioarteko legediak arlo sozialean, instituzionalean eta ekonomikoan jasotzen dituen ordain arauak eta sistemak betetzea exijituko dugu. Justiziari dagokionez, ez dugu Espainiako eta Frantziako epaitegietan sinesten eta ez dugu haiengandik ezer espero; haien mes-pretxua nabarmena izan da urte luze hauetan. Gure senitartekoen heriotza eta gure eskubideen urraketa eragin eta ezarri zuen justizia hutsalak ez ditu orain gure eskubideak bermatuko. Dena dela, ikertzearen eta dagokien erakundeen aurrean salaketa aurkeztearen bidea bultzatuko dugu, gertaera ilunak edo suizidio faltsuak argitzeko edo desagertutakoak aurkitzeko eraginkorrak diren heinean. Ahalik eta esfortzu handiena egingo dugu egia osoa ezagutzeko.