Poliziaren biktima batzuk uztailean hasiko dira kalte-ordainak jasotzen. Jaurlaritzak asteartean onartuko du 1960. eta 1978. urteen arteko estatuaren biktimei aitortza eta ordaina emateko dekretua. Justizia eta egia, ordea, dekretuaren eragite esparrutik kanpo geratzen dira. Berria egunkariak jasotako albistea duzue hemen. Dekretuaren edukinak jakitera ematen direnean, gogoeta publikoa egingo du EGIARI ZOR Fundazioak.
Eusko Jaurlaritza uztailetik aurrera hasiko da 1960. eta 1978. urteen artean estatu indarkeriaren biktimak izan ziren batzuei dagozkien kalte-ordainak ematen. Gobernuak asteartean onartuko du epe horretan «motibazio politikoko indarkeria egoeran gertatutako giza eskubideen urraketaren ondorioz» sufrimendu bidegabeak jasan dituzten pertsonei aitorpena eta erreparazioa egiteko dekretua, eta hilabete barru hasiko da biktima gisa onartuak izan nahi dutenen eskaerei erantzuten. Hala jakinarazi du Idoia Mendia Jaurlaritzako Justizia sailburuak Eusko Legebiltzarreko biktimen lantaldean, dekretuaren xehetasunak ematerakoan.
Pozik dago Jaurlaritza, «aurreneko aldia» delako Poliziaren gehiegikerien biktimei aitorpen publikoa egiten zaiela. «Bidearen hasiera» eta «mugarria» da gobernuaren dekretua, orain arte «isilean» egon diren biktimek «benetako aitortza» jasoko dutelako, Mendiaren arabera. Eusko Jaurlaritzak 1979tik gaur egunera arteko kasuen dekretua egiteke dauka oraindik, eta Mendiak aitortu du hori legealdi honetan idatzi eta onartzea «zailagoa» izango dela. Hala ere, itxaropena baduela gaineratu du, lehen dekretua egiteak «eskarmentua» eman dielako bigarrena lantzeko.
1960tik 1978ra estatu indarkeriaren biktimen erreparazioa nolakoa izango den eta dirua zenbatekoa izango den zehazten du Jaurlaritzaren deketuak: «Diruzko ordaina, birgaitzea, arreta pertsonala eta gogobetetze morala» aurreikusten ditu. Dirutan zenbatuta, 35.000 eta 390.000 euro arteko kalte-ordainak jasoko dituzte biktimek. Hasiera batean, ezintasun orokorren bat izan eta dekretua onartzerakoan hilda zeudenen senideak ez zituen aintzat hartzen, baina Jaurlaritzak aldaketa egin du, eta horiei ere kalte-ordaina emango die. Halaber, 1968. urtetik aurrera beharrean, 1960tik aurrerako kasuak jasoko ditu dekretuak.
Jaurlaritza Poliziaren gehiegikeriaren ondorioz hil ziren 62 lagunen zerrenda batekin hasi da lanean, baina orain arte soilik 25 biktimarekin edo horien senideekin lortu du harremanetan jartzea. Mendiak esan du badakitela biktima gehiago badirela, eta horregatik ateak zabalik utzi dituztela, biktima gisa onartuak izan nahi dutenen eskaerak jasotzen jarraitzeko.
Orain arte askotariko kasuak aztertu ditu Jaurlaritzak, baina gehienak Poliziaren kontroletan eta manifestazioan hildako edo zauritutako pertsonenak dira. Dekretuak, ordea, ez ditu biktimatzat hartuko bonba jartzen hildako edo tiroketetan hildako etakideak. Torturatuekin zer gertatuko den ere ez du argi zehazten.
Dekretua EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren eta hilabete baino lehen, biktimen kasuak aztertzeaz arduratuko den Ebaluzio Batzordea bilduko da, eta biktima gisa onartzea nahi dituztenen eskaerek baldintzak betetzen dituzten erabakiko du. Batzorde hori zazpi lagunek osatuko dute: Giza Eskubideen zuzendaria edo hark izendatutako pertsona bat —buru izango da—, Giza Eskubideen Zuzendaritzak izendatutako bi pertsona, Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzako kide bat, alderdi eta erakunde sozialek izendatutako bi lagun eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak hautatutako gizarte zibilaren ordezkari bat. Justizia sailburuak baieztatu du Manuela Carmena, dekretua landu duen epaile ohia, batzordeko kide izango dela; gainerako kideak nor izango diren, ordea, erabakitzeke dago.