Mahai-ingurua Zizurkilen: Jose Luis Geresta: 20 urtez egiaren bila

Jose Luis Gerestaren heriotza ilunak 20 urteren ostean argitu gabe jarraitzen du. Egia, itzaletik argira ateratzeko garaia da.

Estatuak eta bere segurtasun indarrek eragindako heriotza asko daude oraindik itzalpean, argitu gabe, zalantzaz beteta.

Estatu espainiarrak eta bere sistema judizialak ahalbidetu egin dute krimen horiek guztiak gertatzea eta betikotzea. Inpunitatea izan da nagusi: segurtasun indarren biolentzia justifikatzeko bertsio ofizialetan, giza eskubideen urraketak ukatzean, kondenatuak izan diren gutxiak indultatzerakoan edo kondenak murrizterakoan, biktimarioak kondekoratzean...

Jose Luis Gerestarena da horietariko kasu bat. Agerikoak dira, oraindik, 20 urteren ostean, kasuaren zalantzak. Egiari Zor Fundazioarentzat ezinbestekoa da horiek argitara ateratzea eta, horrekin batera, gehiago ikertzea beharrezkoa dela aldarrikatzea. 20 urte luze pasa badira ere, familia eta lagunak oraindik egiaren bila jarraitzen baitute.

Hori dela eta, martxoaren 20an, “Egia: itzaletik argira” izenburupean, Zizurkilgo Iriarte Kultur Etxean mahai ingurua antolatu genuen.

Bertan parte hartu zuten Gerestaren autopsia egin zuen Itsaso Idoiaga medikuak, Aitor Ibero abokatuak eta Jon Geresta anaiak. Igotz Alkorta kazetariak egin ditu moderatzaile lanak.

Egun gutxiren buruan hitzaldiaren edukiak jasotzen dituen bideoa eskuragarri jarriko dugu gure sare sozialetan.