Martxoaren 11, Europa mailako Terrorismoaren Biktimen Eguna da. Eusko Jaurlaritzak, beste urte batez, “Fue injusto-Bidegabea izan zen” lelopean egingo du ekitaldia, eta elkartasun eta bizikidetza espiral bat osatuko du, Donostiako Alderdi Ederren.
Egiari Zor Fundaziotik aditzera eman nahi dugu ez dugula ekitaldian parte hartuko, honen planteamendua zabala eta inklusiboa izan beharrean, azken urteotan konfrontazioa eta xextra politikoa sortu dituen “injustua” terminoan oinarrituta plantatzen delako.
Arrazoi politikoetan oinarritutako aldeanitzeko biolentzia bizi izan dugu gure herrian urte luzeetan. 1936tik bederen, ez dugu bakealdirik ezagutu. Indarkeria izan dugu XX. mendeko gure historian zorigaiztoko bidaidea. Testuinguru horretan, Egiari Zor Fundazioan ordezkatutako biktimok, Estatuak zuzenean edo zeharka praktikara eramandakoa sufritu dugu.
Biolentzia plural horiek direla medio, asko sufritu dugu denok, pertsona askok eta min asko. Min hori injustua izan da. Ez dugu inolako arazorik hori esateko. Min hori ez zen sekula gertatu behar, ez genuen sekula jasan behar.
Martxoaren 11ko ekitaldia, ordea, konfrontazio dialektiko-ideologikoa pil-pilean den unean heldu da. Beste hitz batzuetan, errelatoaren “batailan” murgilduta gauden honetan. Testuinguru horretan, sarritan ikusi izan dugu nola bilakatu den “injustua”, biktimok bizi izan dugun minaren inguruko kalifikatiboa, norgehiagoka politikorako “muletilla”.
Gure iritzitan, horrelako zerbait ezin da inondik inora exigentzia bat izan. Ez, behintzat, bizikidetza helburu badugu. “Injustua izan zen” kontzeptuak, exigentzia bilakatuta, biktimekiko gertutasuna erakutsi baino, beste helburu batzuk baititu: bizi izandako gatazka politikoa desitxuratzea; iritzi politiko jakin bat deslegitimatzen saiatzea; eta errelato jakin bat elikatzea. Finean, gatazka irabazle eta galtzaileen parametroetan interpretatzea, eta exigentzia egiten duenari ustezko nagusitasun ideologikoa onartzea.
Onartezina da oraindik ere jasan beharra biolentzia bakar bat deslegitimatzea helburu duten saiakerak, biolentzia terrorista jasan dugun biktima asko eta askoren egoera oraindik horren prekarioa denean: ez gaude ofizialki onartuta, ukatzen gaituzte, bizi izan genuen biolentzia beste kategoria batekoa dela entzun behar dugu. Egoera horri konponbidea emateko garaia da, ez zatiketa indartzekoa.
Onartezina da argudiatzea giza eskubideen urraketa bat beste bat baino justuagoa edo injustuagoa dela, eragilearen arabera.
Gizartea zatitzen duten ekimen eta eztabaida semantikoek ez garamatzate inora, eta albo batera utzi behar ditugu, behingoz aurre egiteko elkartzen gaituen helburu nagusiari: biktima guztien maila bereko aitortza, kategoriarik gabe.
Elkarbizitza demokratikoa ez da etorriko norgehiagoka politiko-ideologikotik, denon konpromisotik eta aurrerapauso zintzoetatik baizik. Jatorri ezberdinetako indarkerien biktimak elkartzen gaituen aldarrikapena honakoa da: berriro, inoiz ez. Edozein delarik ere indarkeriaren jatorria, berriro, inoiz ez.