Memoriaren egun inklusibo baten alde

Datorren ostiralean, azaroak 10, Euskal Autonomia Erkidegoko memoriaren eguna izango da. Egiari Zor Fundazioak Eusko Jaurlaritzaren Memoria, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Institutua den Gogorak deitutako ekitaldian parte hartuko du, euskal gatazkaren testuinguruan Estatuaren biolentziaren ondorioak pairatu behar izan dituzten guzti horien aitortza eta erreparazioaren alde lan egiteko dugun konpromisoari eutsiaz.Hala ere, beharrezkoa deritzogu zenbait zehaztapen egiteari. Gure ikuspuntutik, memoriaren eguna ezin izan daiteke bizitza galdu zuten horiei urtean behin gorazarre egiteko data bat soilik. Perspektiba zabalagoa eta inklusiboagoa aldarrikatu beharrean gaude. Gure xumetasunetik diogu, memoriak gure herriak bizi izandako gatazka politikoaren baitan gertatutako oro ezagutzeari erreferentzia egin beharko liokeela, hori, herritargo zabalaren konpromisoa oinarri, bizitako tragedia errepikatuko ez dela bermatzeko blindaje bilakatu dadin. Hori dela eta diogu azaroaren 10a edukiz janzten jarraitzea beharrezkoa dela.

Memoria, iritzi anitzak aintzat hartuaz, gure giza eskubideekiko konpromisoa sendotuko duen ariketa izan behar da, gertatutako oro ulertzen lagunduko diguna, egia argira ateratzen eta erreparazioaren bidea jorratzen. Eta baita, noski, biktimen izatea bera duitzen ere. Ezin da, inolaz ere, sinbolikoa edota baztertzailea den zerbait izan. Testuala izateari utzi eta soziala bilakatuko den narratiba berri bat sortzen lagundu beharko liguke, diskurtso guztiak beren tokia dutela bermatuaz, baita gureak ere, Estatuaren biolentzia forma anitz eta pluraletan jasan behar izan dugun horienonak, horrenbestetan ahantziak izan garenonak. Funtsean, etorkizunerantz proiektatu behar gaitu memoriak, gatazkaren arrazoi estrukturalak eta honen baitan elkar gurutzatutako agenteen ardurak zein izan diren azaltzen saiatuaz. Horretarako, ezin muga gaitezke garai bateko sentsibilitateak bakar-bakarrik biltzera. Iragana, oraina eta etorkizuna jostean datza erronkak.

Zentzu horretan, biktima kontzeptuak, egia edota memoria bezalako beste batzuen bide beretik,  izaera poliedrikoa behar duela izan aldarrikatu nahi dugu, hain zuzen, hamarkadetan luzatu diren gatazkek erakutsi diguten moduan, biolentziak matiz eta ertz ugari baititu, eragin dako sufrimendu anitzak direla medio. Ideia horri jarraiki, biktimoi dagozkigun gaiak perspektiba eraikitzaile eta inklusibo batetik lantzeari ezinbesteko deritzogu, bizikidetza eraikitzeko prozesuari ekarpenik egiten ez dioten bestelako bide zurrun eta monolitikoetatik ihes eginaz. Egia, justizia eta erreparazioa.