Egiari Zor parte den Foro Sozial Iraunkorraren baitan “Gatazkaren ondorioak emakumeengan eta hauen ekarpena bake prozesuari” izeneko lan-talde berria martxan da jada. Lehen ekimena datorren urriaren 8an, 12.00etan, Bilboko OAL Bilbao Musikan (Solokoetxeko lorategia) antolatu da, “Nik sinisten dizut. Emakumeen egia aitortu” izenpean. Egiari Zor Fundazioak bere atxikimendu osoa adierazi dio.
Bertan, azken 50 urteetan indarkeria matxista ezberdinak bizi izan dituzten emakumeak elkartzea izango da helburua, urteetan gatazkaren baitan jasandako biolentzia mota anitzen aitortza egiteko. Horretarako, zenbait emakumek jasandakoa kontatuko dute, entzuketa eta aitortza kolektibo ariketa batetan. Erreparazioa eta justiziaren bidean, lehen urratsa gertatutakoa zalantzan ez jartzea eta sinestea baita.
Egiari Zor Fundazioaren izenean, bertan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu, emakumeen arteko elkartasuna irudikatzeko, emakumeontzako justizia eta erreparazioa egungo herri prozesuan aintzat hartua izan dadin eta bakegintzan urratsak eman ditzagun.