Santi Brouard eta Josu Muguruzaren hilketen urteurrenean Ametzolan eta Errekalden egin ditugun lore eskaintzetan gogoan izan ditugu Estatuak Euskal Herriaren aurka erabili duen indarkeriaren ondorioz hildako ehunka pertsonak.
Ane Muguruzak hartu du hitza Errekaldeko ekitaldian Egiari Zor Fundazioaren izenean:
Gaurko egunez, 1984ko azaroaren 20an, estatu terrorismoak Santi eraman zuen. Bost urte beranduago, 1989an, jatorri bereko beste bala batek Josu hil zuen. Zoritxarrez, Santi eta Josu ez ziren izan Espainiako Estatuak lurralde honetan erabili duen indarkeriak eraildako lehenak, ezta azkenak ere. Horregatik, gaur, omenaldi hau eskaini nahi diegu Estatuaren indarkeriaren biktima horiei guztiei, egia itzaletik argira ateratzeko borrokan jarraitzen duten guztiei, hedabideetan espazio txiki bat ere izaten ez duten horiei, efemerideetan aipatzen ez direnei, izen debekatua dutenei edo kontatzea debekatuta dagoen historia bat dutenei.
Beti izan du botere politikoak kontakizun ofiziala inposatzeko estrategia: gerra zibilari erreferentzia egiten dion enfrentatutako bandoen teoria hain zuzen ere, gobernu legitimo baten aurkako estatu kolpe militar bat desitxuratzea asmo besterik ez duena, demokrazia defendatzen zutenen aurka batzuk armetan altxatu zirela ahaztuaz. Horrela jantzi nahi izan dute diktadura militarra, 40 urtez herri oso bat izuaren uztarripean eduki zuen garai "lasai" hura. Edota trantsizioa, horren eredugarria izan zen garai hura, frankismoa Estatuko botere guztietan iraunarazteko balio izan zuen erregimenarekiko ituna.
Oraina ezin zitekeen gutxiago izan. Agerikoa da sektore batzuek duten beharra, diskurtso bat artikulatu eta inposatzekoa, egiari eta indarkeriari buruzko politika ofizialaren makineria behar bezala koipeztatzeko. Kontakizun horrek 78ko erregimena legitimatzeaz gain, benetako haustura demokratikoa lortzeko aukera ezabatu zuen horixe, konfrontazio armatuaren testuinguruan izandako estatu-krimenak ere ezkutuan mantentzea du helburu.
Kontakizun bakarra inposatzeko premia horren azpian Estatuaren beraren gabezia demokratikoak daude. Ez da harritzekoa, beraz, Estatu indarkeriaren biktimek kontakizun ofizial horretan lekurik ez izatea.
Asko hitz egiten da indarkeriaren errelatoari buruz, baina ez da gogoeta egiten historia eta memoria kolektiboa mugatzen duen kontakizun baten indarkeriari buruz, eragindako sufrimendu handiaz mintzatzea ekiditen duena. Delituak eraiki dituen kontakizun baten indarkeriaz, hain zuzen ere, gertatutakoari buruzko beste ikuspegi batzuk ditugunak isilarazteko.
Badakigu alderdi emozionala ustiatzea gizabanakoen analisi arrazionalean eta zentzu kritikoan eragiteko modu eraginkorra dela. Eta, hain zuzen ere, mina erabiliz, batzuek exigentzia etikoak eraikitzen dituzte, arlo politikoa baldintzatzen saiatzeko. Indarkeriaren jatorriari buruzko iritzia emateko eta iritzia sortzeko baliabide andana jartzen da interes horien zerbitzura. Baina horrek ez du zerikusirik etikoarekin, ideologikoarekin baizik. Estatuaren izaera bortitzaren legitimazioarekin, hain zuzen ere, konpondu gabeko gatazka politikoa dagoela ukatzen duen alderdi baten kontakizuna inposatzearekin eta proiektu politiko zehatz bati zilegitasuna kentzeko ahaleginarekin. Proiektu hori defendatzeagatik, besteak beste, hil zituzten Santi eta Josu.
Balio etikoetan eta giza eskubideen errespetuan hezteko beharraz hitz egiten da, biktimekiko enpatia lantzeaz. Ados gaude. Hain zuzen ere, sektore politiko eta instituzional batzuek aipatzen duten enpatia hori da Estatuaren indarkeriaren biktimok jasotzen ez duguna. Biktimak umiliatzez hitz egiten denean, adibidez, hipokresia handiarekin, batzuk isilik geratzen dira guk sufritzen ditugunen aurrean:
Horrek guztiak umiliazioa, biktimizazio bikoitza eta urratutako giza eskubideekiko erabateko mespretxua eragiten dizkigu. Baina umiliagarria da, halaber, bere kargu publikoetatik herri honetan milaka herritar kolpatu gintuen indarkeriaren jatorriaz erabateko abstrakzioa egiten duenik egotea, bere alderdien gobernupean egin ziren milaka giza eskubideen urraketetatik abstrakzioa egiten duenik, hain zuzen ere.
Esan behar dut, pertsonalki, mingarria eta ulertezina zaidala gerra zikinarekin zerikusia izateagatik zigortutako kargu publikoak izan dituen alderdi bereko kide izanik, buruzagi batek publikoki esatea "GALen biktimek ez dutela behar Felipe Gonzálezek gerra zikinean izan zuen papera argitzeko ikerketa-batzorderik". Mingarria eta ulertezina da, Zen Plana abian jarri zuen alderdiaz mintzo garenean, zeinaren gobernupean inertzia frankistak betikotu ziren Segurtasun Indarren jardueretan, hala nola torturak; ustezko exekuzio arbitrarioen kasuak, oraindik ikertu gabe jarraitzen dutenean; kare biziz pertsonak desagerrarazi nahi izan zituztenean; Mikel Zabalzaren heriotza bezalakoen inguruan emandako bertsio ofizialak oraindik bere horretan dirautenean;…
Guztiz onartezina da, edozein ikuspuntutatik, gaur egun oraindik aitortu ez izana eragin ziguten kaltea, krimen horien guztien erantzukizun politikoak bere gain hartu ez izana. Zalantzarik gabe, batzuek pendiente dituzten zereginak dira, eta guk zain jarraitzen dugu.
Oraindik ere bere horretan dirauten indarkeriazko adierazpenak, heriotza eta sufrimendua eragiten jarraitzen dutenak, bertan behera noiz geratuko diren zain jarraitzen dugu. Igor Gonzalezen eta Asier Aginakoren senide eta lagunei besarkada handi bat bidali nahi diegu gaur hemendik, baita espetxean dituzten senideak bisitatzeko astebururo ehunka km egin behar izaten dituzten horiei guztiei ere.
Ezin dugu onartu gizarte gisa oraindik ere erabaki politikoek bizitzak arriskuan jartzen jarraitzea. Hausnartu egin beharko genuke, indarkeriaren arabera egun existitzen den justizia desorekari buruz. Justizia parekidea izan balitz eta delitu guztiak berdin epaitu izan balira, agian gaur egun beste agertoki batean egongo ginateke.
Estatuaren indarkeriaren biktima guztientzako aitorpen ofiziala aldarrikatzen jarraitzen dugu. Herri honetako erakundeek gertatutakoaz dugun ikuspegia bazter ez dezaten eskatzen jarraitzen dugu, eta jasan ditugun bidegabekeria eta umiliazioen aurrean ahotsa argi eta garbi altxa dadila. Gure eskaera komunak eta partikularrak zein diren aztertzeko eskatzen dugu, eta onartzeko behingoz lan ugari daudela pendiente bizikidetza demokratikoa eraikitzeko bidean topatzen dugun hipokrisia behingoz gainditzeko.
Bizikidetza horrek zerikusia du, halaber, memoria inklusiboarekin, eta bertan, gizarte osoak integratuta sentitu behar du. Memoria, gizarte anitz batean bizikidetza demokratikoa garatzeko beharrezko ariketa gisa, ezin da inola ere "egokitu" alde batek bizi duen errealitatea isilarazten duten arauetara. Memoria ez da inoren ondare esklusiboa, memoria guztiona da. Hori dela eta, ezin da izan ardatz baten inguruan espazio partekatuak sortzea ez den beste ezein interesen zerbitzura dagoen tresna bat: indarkeriazko hamarkaden ondoren jasandako guztia errepikatzearen aurrean, blindatu gaitezen, berriro errepikatuko ez dela bermatu dezagun.
Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko, ezinbestekoa da gatazkaren ondorioak gainditzea. Baina, horrez gain, ezinbestekoa ere bada gatazka sortu zuten arrazoiak ere konpontzea. Aurten ere, bide horretan jarraitzeko gure erabateko konpromisoa adierazi nahi dugu. Gatazkaren kausak eta ondorioak politikoak direnez, akordio politiko eta demokratikoa ahalbidetuko duen konponbidea lortzeko lan egiten jarraituko dugu, beste batzuek guk baino lehen egin zuten bezala, determinazio osoz.
Irtenbide bat beharrezkoa baitzaigu, herri honetako pertsona guztien eskubide guztiak aitortzeko eta praktikan jartzeko.
Gora Santi!
Gora Josu!