Euskal gatazkaren testuinguruan, 13 pertsona gehiago hil ziren antzeko egoeran, eragindako torturaren ondorioz.
Euskal Herrian gutxienez 5379 tortura kasu ofizialki egiaztatu dira dagoeneko.
Biktimak aitortzeko eta erantzukizunak hartzeko unea da.
Joxe Arregi torturapean hil zutela 42 urte betetzear direla, urtero bezala ekitaldia burutu dugu Zizurkilen.
Ekitaldian Egiari Zor Fundazioaren izenean Nekane Txapartegik hartu du hitza.
Hemen duzue irakurritako hitzartzea:
Bihar, 42 urte beteko dira Joxe Arregi hil zutenetik, jasandako tortura bortitzek eragindako zaurien ondorioz. “Oso latza izan da” hitzak euskal jendartearen memorian indarrez grabatuta daude orduaz geroztik. Gure herriko agendan urteroko zita da egun hau, Joxe eta bere antzera Poliziaren esku pairatutako torturen ondorioz bizia galdu zutenak gogoan izateko eta tortura bezalako giza eskubideen urraketa larriak jasan dituzten milaka pertsonen eskubideak defendatu eta aldarrikatzeko.
Tortura frankismotik herenegun arte Euskal gatazka politikoaren testuinguruan indarrean aritu den Estatu-bortxa mekanismoa izan da, edozein izanda ere Gobernuaren perfil politikoa; edozein izanda ere gorputz polizialaren kolorea edo sinatutako nazioarteko itunen edukia.
Euskal Herritarren aurka eman diren 5379 tortura-kasuk gutxienez badute zigilu ofiziala. EAEn zein Nafarroan egindako txostenek argi adierazten dute sekula zigortu gabeko krimen sistematiko baten aurrean gaudela, urte luzez aurrera eraman dena Polizia Nazionalaren, Guardia Zibilaren eta Ertzaintzaren komisaldegietan.
Hala ere, denok dakigu torturaren benetazko dimentsioak zenbaki horiek gainditzen dituela eta zenbaki batzuen haratago eragina izaten jarraitzen duela.
Pentsaezina da tortura denboran zehar betikotu izana, gatazka politikoaren testuinguruan euskal belaunaldi ezberdinek pairatu izana, ondo diseinatutako Estatu-estrategia baten parte izan gabe; Funtsezkoa zen beraz, inpunitatez aritzea legez kanpoko jarduera honek hamarkadatan iraun zezan.
Bost urte pasa dira Eusko Jaurlaritzaren aginduz EHUko Kriminologia Institutuak torturaren inguruko ikerketa txostena egin zuenetik EAEn eta egia ofiziala ezartzeaz harago, txosten honek bitartezkoz hornitu beharreko bide orri bat marraztu zuela argi ikusi genuen. Herri honetako Instituzioetako arduradunek ordea, nahiago izan dute txostena tiraderan gordeta utzi, haien bete beharren helmuga balitz.
Guk inolako zalantzarik gabe diogu txostenean agertzen den erradiografia gordinak akuilu izan behar duela torturaren eragin osoarekin amaitzeko, eta horrek bitartekoak eta neurriak jartzea eskatzen du.
Gure ustetan torturaren dimentsioarekin bukatzeko hartu beharreko neurriak oraindik asko dira, funtzezkoak berriro gerta ez dadin eta torturatuen komunitateari zor zaion aitortza eta erreparazioa integrala eta parekidea izan dadin.
Torturatik bizirik atera garenok zeresan handia dugu gai honi buruz, eta tamalez gure gorputzetan jasan genuenok ondo dakigu torturak ez zuela soilik gure iraganean eragin; Egunerokotasunean pairatzen ditugu ondorioak eta etorkizunera proiektatuko dira egoera hau eraldatzeko neurriak hartu ezean. Besteak beste:
Torturaren erabilera ahalbidetu duen estruktura desegin.
Atxiloaldi inkomunikatuaren erregimena bertan behera utzi.
Estatu espainarraren indar armatuak EHtik atera.
Parametro demokratikoetara egokitutako eredu polizialaren inguruko hausnarketa sakona bideratu.
Torturaren erabilera prozesala eten eta atzera begirako erabilpen horren ondorioak aztertu eta erreparatu.
Bizirik suertatu zirenen banakako eta taldeko konponketa integralerako baliabideak. Torturaren fenomenoan logika patriarkalek eta heteronormatiboek eragindako zauriak sendatzeko berariazko programak barne.
Bortxa instituzionalaren adierazpen zital honek 14 pertsona hil zituen herri honetan, eta berariazko aitorpena eta erreparazioa eman.
Gehiago luzatu gabe, gure errealitateak memoriaren alorreko politika publikoen parte izan behar du.
Horrez gain, beharrezkoa ere bada gure biktimarioek eta horiek babestu zituzten arduradun politikoek dagozkien ardurak beren gain hartzea behingoz.
Ez alderdi politikorik, ez Gobernurik, ez Estatuko ezein Euskal erakunderik, ez du oraindik eragindako kaltea onartzeko adierazpenik egin.
Estatu batek indarkeria legitimoaren monopolioa duen oinarri demokratikoarekin aurrez aurre jartzea ez da erraza izan behar.
Baina uste dugu egiteko unea iritsi dela.Espainiako Estatuko Gobernuari zein Eusko Jaurlaritari adierazpen argi bat egin dezatela eskatzen diegu, erantzukizunak bere gain hartzeko eta eragindako mina aitortzeko.