Egia Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Eguna (martxoak 24) baliatu dugu “Salbuespenezko espetxe sistemaren ondorioak” ekimena publiko egiteko. Bideo batean hainbat testigantza jaso ditugu, salbuespenezko espetxe sistemak gatazka politikoaren testuinguruan eragin dituen hildakoen inguruko zenbait gogoeta, hausnarketa eta ikuspuntu ezagutzeko.
Martxoaren 24a, biktimen duintasunari eta giza eskubideen urraketa larriei lotutako Egia Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Eguna da. Zita benetan garrantzitsua, beraz, euskal gizarte osoarentzat, baina bereziki, Estatuaren biolentzia pairatutako biktimentzat. Finean, egia baita oinarri biktima guztien justiziarako eskubidea gauzatzeko eta erreparazio integralerako.
Hori dela eta, aurtengoan Egiari Zor Fundaziotik “Salbuespenezko espetxe sistemaren ondorioak” ekimena jarri dugu abian. Helburua argia da: jendarteratzea zenbaterainokoa izan den gatazka politikoaren testuinguruan Estatuek aplikatutako salbuespenezko espetxe politikaren inzidentzia, eta zein ondorio/eragin sorrarazi dituen horrek, hildakoei dagokienez.
Euskal Herriko gatazka politikoaren testuinguruan milaka giza eskubideren urraketa gertatu dira, milaka heriotza. Horiei guztiei egia, aitortza, justizia eta erreparazioa zor diegu.
Salbuespenezko espetxe sistemak eragindako heriotzei dagokienez, azken 6 hamarkadetan, 35 euskal preso politikok (11k 2011. urtetik hona) eta 16 senide/lagunek galdu dute bizitza.
Heriotza horiek badute zerbait komunean: guztietan salbuespenezko neurri politikoen aplikazioa erabikagarria izan da: behar bezalako osasun arreta ukatzea, ospitaleratzea zaildu izana, ebakuntza bat edo tratamendua jasotzea atzeratzea, gaixotasun sendaezinen aurkako protokoloak berandu eta modu arbitrarioan aplikatzea, kartzela barruko bizi baldintza gogorrak, isolamendu luzeak...
Espetxe-sistemak berak eragotzi egiten du presoen osasunerako eskubidea bermatu behar dutenek heriotza horien ondoriozko erantzukizunak beren gain hartzea eta hauek depuratzea.
Ideia horien guztien inguruan dihardute bideoan parte hartu duten hizlariek:
Egiari Zor Fundazioaren ustetan, beharrezkoa da presoek eta haien senideek jasandako biolentziak, zuzenekoak eta zeharkakoak, jasandako giza eskubideen urraketak aitortzea. Beharrezkoa da salbuespenezko espetxe politikak eragin dituen urraketen egia itzaletik argira ateratzea.
Horregatik guztiagatik, Ezinbestekoa da , ezinbestekotzat jotzen dugu behingoz desagertzea gaur egun indarrean jarraitzen duten indarkeria instituzionalaren adierazpenak. Oinarrizko eskubideak urratzen dituzten eta sufrimendua baino eragiten ez duten eta egoera dramatikoak ez errepikatzeko. Elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzak giza eskubideekiko konpromiso sendoa exijitzen du.