Indarrean dagoen salbuespenezko espetxe sistema oinarrizko giza eskubideak errespetatzen ez duen sistema da. Osasunerako eskubidea eta torturarik edo tratu anker eta apalesgarririk ez jasateko eskubidea urratzen dituen salbuespen sistema da.
Xabier Rey Urmeneta, 2008ko urrian atxilotu zuten. Bortizki torturatu zuten. Espetxeratua izan zen eta preso egondako 10 urteetan, Soto del Real, Topas, Botafuego, Puerto, El acebuche, Valdemoro, eta Puerto III espetxeetan urrundua egon zen. Lehen graduan arbitrarioki klasifikatua eta isolamendu egoeran urteetan zehar. 2018ko martxoan hil zen Cádizeko Puerto III espetxean.
Hemen ekitaldiko hitzartzea:
Espetxe barruan giza eskubideen aurkako erasoak etengabeak izan dira eta oraindik ere dira. Espainiako Gobernuak eta, ondoren, haren homologo frantsesak abian jarritako salbuespenezko espetxe politika, gatazka politikoaren esparruan zuen errepresio estrategiaren barruan sortu zen. Espetxe politikaren eremuan terrorismoaren aurkako borrokaren babesean hartu ziren neurri horiek.
Indarrean dagoen salbuespenezko espetxe sistema oinarrizko giza eskubideak errespetatzen ez duen sistema da. Osasunerako eskubidea eta torturarik edo tratu anker eta apalesgarririk ez jasateko eskubidea urratzen dituen salbuespen sistema da.
Azken 4 hamarkadetan, demokrazia deritzon garai honetan, 36 euskal preso politikok eta 16 senidek galdu dute bizitza egoera ezberdinetan, sistematikoki aplikatu diren salbuespen neurrien
ondorioz. Heriotza hauek ekidin zitezkeen. Giza eskubideak mendekuaren, zigor erantsiaren, segurtasunaren edo beste edozein kontsiderazioren gainetik jarri izan balira, errealitatea oso
bestelakoa zatekeen.
Espetxe politika anker honek ekidin zitezkeen heriotzak etengabe eragin ditu. Esaterako, 2011. urtetik 13 preso hil dira.
Heriotza horiek badute zerbait komunean: guztietan salbuespenezko neurri politikoen aplikazioa erabakigarria izan da. Behar bezalako osasun arreta ukatzea, gaixotasun sendaezinen aurkako protokoloak modu arbitrarioan aplikatzea, kartzela barruko bizi baldintza gogorrak, isolamendu luzeak, 1.graduko eta FIES sailkapen sistematikoak, komunikazio guztien interbentzio iraunkorra, urruntze eta dispertsio politikak ere. Neurri hauen ondorioz gertatu zen ere, ondo dakizuenez, Antxoren heriotza.
Salbuespenezko espetxe-politika gobernuek hartutako erabakien emaitza da, eta, beraz, arduradun zuzenak ditu, eta horiek bere gain hartu behar dute beren erantzukizuna.
Estatuek onartu beharko dute gatazka politikoaren baitan haintzat hartu zutela hainbat preso eta hainbat senide heriotzaraino eraman zitzaketela helburu politiko batzuen arabera.
Azken urte luzeotan Euskal Herriko gatazka politikoaren testuinguruan gertatutako giza eskubideen urraketa larriak ehundaka, milaka izan dira. Horiei guztiei aitortza, erreparazioa eta berriro ez gertatzeko bermeak zor dizkiegu, bizikidetza oinarri duen gizarte berria eraikitzen jarraitzeko.
Hainbat ahots entzuten ditugu memoria publiko bat eraikitzeko beharraz mintzo direnak, diotenak gertatutakoaren oroitzapena dela ez errepikatzeko bermerik onena. Baina sektore horixek, presoei eta haien senideei eragindako heriotzak saihesten dituzte, inoiz gertatu ez balira bezala. Giza eskubideen eta giza duintasunaren balio gorenari buruzko erreferentzia ugari entzuten ditugu. Baina errolda eta estatistika guztietatik kanpo geratzen dira salbuespenezko espetxe-politikaren giza ondorioak.
Gertatutakoaren memoria ezin da ikuspegi partikular eta alderdikoiekin zerikusi handiagoa duten interesetara mugatu. Memoria, gizarte anitz batean bizikidetza demokratikoa garatzeko beharrezko ariketa gisa ulertuta, ezin da inola ere "egokitu" herri honen historia kolektiboaren zati batzuk ahazten dituzten arau batzuetara. Sufrimendu guztiek lekua izan behar dute memoria publiko politiketan, baita Antxorena ere.
Oraindik ere badira Euskal Herrian gertatu denaren oroimenaren liburuan tokirik ez duten errealitateak. Horregatik, gaur, espetxe salbuespenaren aplikazioarekin behingoz amaitzea eskatzen dugu.
Eta aitortuak izan daitezela hori urte luzeetan aplikatzearen ondorio guztiak, baita horrek eragin dituen eskubide-urraketa, sufrimendu eta heriotza guztiak ere. Xabi Rey Urmenetarena barne.