Ixone Fernandezek eta Karmele Urbistondok ekainaren 26an emandako prentsaurrekoan positiboki baloratu dute “Torturaren Biktimen Babeserako Nazioarteko Eguna” ospatzeko Jaurlaritzak hartutako konpromisoa. Baina, azpimarratu dute benetan beharrezkoa dena dela sinbolikotik haratago doan biktimen aitortza.
Aurtengo ekainaren 26a, “Torturaren Biktimen Babeserako Nazioarteko Eguna”, berezia da, oso, pasa den ekainaren 20an Eusko Legebiltzarrak Legez Besteko Proposamena onartu baitzuen, Eusko Jaurlaritzari eskatuaz Nazio Batuen Erakundeak sustatutako egun hori ospatzeko. Gobernuak dagoeneko mandatua onartu du.
Hori berri ezinhobea da gure iritzitan, horrela eskura izango dugulako tresna berri bat torturaren drama Euskal Herriko gatazkaren testuinguruan jasan ditugun sufrimenduen mapan kokatzeko.
Baina, hala ere, uste dugu ardura instituzionalak sinbolikotik haratago doan biktimen aitortza bermatu behar duela ezinbestean.
Sarritan salatu izan dugu larriak direla oraino torturaren errealitatearen ezezagutza, biktimen aitortza gabezia eta biktimarioen inpunitatea.
2017. urteko abenduan aurkeztu zuten Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako ikerketak akademikoki frogatzen du tortura praktika sistematikoa izan dela. Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik, dagoeneko 4.113 tortura kasu daude identifikatuta.
Hori krimen zigorgabe baten testigantza argia da, eta begi bistan jartzen du nola beste alde batera begiratu besterik egin ez zuten torturaren lakrarekin amaitzeko aukera izan zuten horiek guztiek, horrela bermatuaz giza eskubideen kontrako urraketa larri hori hamarkadetan zehar gertatzea.
Gu ez gintuzten torturatu legea motu proprio urratzea erabaki zuten Guardia Zibil, Polizia Nazional edo Ertzain batzuk. Gu torturatu gintuzten poliziek Estatu estrategia batenpean jardun zuten eta haiek ez ziren izan arduradun bakarrak, pieza bat gehiago baizik, beste askorekin batera:
Salbuespenezko legediak onartu zituzten alderdi politikoak, atxilotutako pertsonen inkomunikazioa baimendu zutenak.
Tortura salaketa sistematikoen aurrean beste alde batera begiratzen zuten epaileak, sekula ikerketa efektiborik aurrera eraman ez zutenak, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak behin baino gehiagotan frogatu duen moduan.
Mediku forentseak, benetan gertatzen zena estaltzeko lanean funtzio klabea izan zutenak.
Komunikabideak, tortura salaketak isilarazita, ez soilik torturak jasandako biktimenak, baita askotariko nazioarteko eragileenak ere (Amnistia Internazionala, Nazio Batuen Erakundea…).
Gaurkoan aditzera eman nahi dugu asko arduratzen gaituela ikusteak nola ukatzen duten errealitate hau EAEko torturaren txostenak zuzenean interpelatzen dituen indar poitikoetako ordezkari askok eta askok, edo nola jarduten diren torturaren inguruan Euskal Herritik haratago gertatu den zerbait bailitzan.
Oraindik inork bere gain hartu gabe dirauten ardura politikoak daude torturari dagokionez. Alderdi Popularrak eta Alderdi Sozialistak oraindik beren gobernu garaietan gertatutako giza eskubideen urraketa larrien inguruko azalpenak zor dituzte. Eta, modu berean, Eusko Alderdi Jeltzaleak ere dagozkion ardurak bere gain hartu behar ditu, EAEko torturaren txostenaren arabera Ertzaintzak torturatutako 300 kasu inguru ere egon, badaudelako.
Tortura giza eskubideen urraketa larria da, nazioarteko legedian guztiz debekatuta dagoena eta ezin justifika daitekeena, inguruabarrak edozein direla ere.
Hori dela eta, uste dugu ekintza sinbolikoez haratago, horiek lagungarri izan badaitezke ere, etorkizunari begirako gure lana zuzendu behar duen irizpidea behar dela izan torturaren biktimekiko gizarte honek duen zorra kitatzea, horiei dagokien egia, justizia, errekonozimendua eta erreparazioa eskainiaz, giza eskubideen urraketak jasan dituzten gainontzeko pertsona guztiekin bezalaxe.
Horregatik guztiagatik:
Eskatzen dugu neurri zehatzak hartzeko, esaterako, EAEko torturaren txostenean jasotakoak, edo hainbat eta hainbatetan Nazio Batuen Erakundeko torturaren aurkako errelatoreek gomendatu izan dituztenak, torturaren biktimak modu ofizialean aitortuak izan daitezen eta modu efektiboan bermatu dadin berriro ez dela horrelakorik errepikatuko.
Eskatzen dugu, halaber, torturak tokia izan dezala memoriari dagozkion politika publikoetan, argi eta garbi azalduaz tortura giza eskubideen kontrako biolentzia dela, legez kontrakoa, debekatua eta euskal gatazkaren testuinguruan Guardia Zibilak, Polizia Nazionalak eta Ertzaintzak erabili dutena, bai diktadura garaian, bai “trantsizio” delakoan eta baita garai demokratikoan ere.
Euskal erakundeei dei egiten diegu jarrai dezaten ikertzen zein izan den torturaren dimentsio erreala Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan. Zentzu horretan, uste dugu premiazkoa dela ikertzea atxilotuta zeuden bitartean hildako 14 pertsonen kasuak, horiek aitortuak izan daitezen torturaren ondorioz eraildako biktima gisara.
“EAEko torturaren txostenak” zuzenean interpelatzen dituen alderdi politiko horiek gonbidatzen ditugu dagozkien ardurak beren gain hartu ditzaten.
Azkenik, Euskal Herrian torturak jasandako mila pertsonari dei egin nahi genieke, bereziki 1960 eta 1999 urteen artean infernu hori pairatu behar izan zuten horiei guztiei, Eusko Jaurlaritzari jasandako giza eskubideen urraketa horiek aitortzeko eskaera egin diezaioten, Giza Eskubideen Urraketak Jasandako Biktimen Aitortza eta Erreparaziorako Lege berriaren baitan.
Egiari Zor Fundaziotik prest gaude eman beharreko pausoekin eta egin beharreko tramitazioekin laguntza eskaintzeko. Horretarako, gurekin harremanetan jarri besterik ez duzue egin behar, honako helbide elektronikoaren bidez (info@egiarizor.eus) edota 944 045 363 telefonora deituta.