Gipuzkoako 1000 biztanletik gorako udaletan aurkeztu da dagoeneko mozioa, eta hainbatetan onartu da gehiengo zabalez.
Abian da Euskal Autonomia Erkidegoan 1979 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasandako biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko Legea. Biktimek eskaerak aurkezteko epea zabalik dute jada, 2021eko abendura arte.
Legearen helburua honakoa da: funtzionario publikoek beren eginkizunetan edo beren eginkizunetatik kanpo eragindako giza eskubideen urraketen biktimak aitortzea; taldean edo modu isolatuan, indibidualki eta kontrolik gabe jarduten zuten partikularrek eragindako eskubide urraketak aitortzea; eta, urraketa horien ondorioz, pertsonen bizitzan edo osotasun fisiko, psikiko, moral edo sexualean izandako eraginak aitortzea.
Laburki esanda, Legearen bidez aitortza jaso dezakete 1979tik 1999ra bitartean estamentu ofizialek praktikara eramandako edo sustatutako biolentziek EAEn eraildako, torturatutako edo larriki zauritutako pertsonek (edo urraketaren unean EAEn bizi zirenek).
Ehunka dira, milaka ziurrenik, denbora tarte horretan Estatuak praktikara eramandako giza eskubideen urraketak jasan zituzten pertsonak, eta aipatu legearen babesean aitortuak izateko egin beharreko kudeaketa ez da erraza.
Berebiziko garrantzia du Euskal Herriko indarkeria testuinguruan gertatu diren giza eskubideen urraketa guztiak erabat aitortzeko bidean aurrera egiten jarraitzeak. Estatuak eragindako tragediaren inguruko egia osoa aitortzea, ezagutzea eta ezagutzera ematea ere ezinbestekoa da, bermatzeko giza eskubideen urraketen biktima bat bera ere ez dela geratuko dagokion babesik eta aitortzarik gabe.
Horregatik guztiagatik, Egiari Zor Fundazioak Gipuzkoako 1000 biztanletik gorako udaletan mozioa sartu du Giza Eskubideen urraketa jasan dituzten biktimak babestera deituta dagoen Lerearen inguruko informazioa zabaldu dezaten, aholkularitza tekniko-juridikoa ematen lagundu dezaten eta herri mailako instituzio diren Udalek beraiek Giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimak aitortu dezaten.
Esaterako, abenduaren 18an, Arrasateko Udaleko zein Hondarribiako Osoko bilkuretan parte hartuko dugu, udalei informazioa zabaltzen laguntzeko eskatzeko. Bi kasuetan, herriko biktima ezberdinek hitza hartuko dute mozio honen bidez egiten dugun eskariaren garrantzia azaltzeko.
Mozioa dagoeneko hainbat Udaletan onartu da gehiengo zabalez, besteak beste: Irun, Astigarraga, Urnieta, Usurbil, Elgoibar, Bergara, Oñati, Ordizia, Lezo, Oiartzun, Asteasu, Ibarra, Hondarribia, Arrasate.