Sortzen zaigun sentimendu hori gure biktimazioaren eragile izan ziren horien etengabeko laudoriotik dator, erakunde-egoitzetan duten ohorezko presentziatik, estatu-ospakizunetan eta -jaialdietan, diskurtso instituzionaletan, demokraziaren eta zuzenbide-estatuaren bermatzailetzat jotzen dituztenean.
Gaurkoan aditzera eman nahi dugu, sentsibilitate guztiekiko dugun errespetua aintzat hartuta, urteak daramatzagula eztabaida publiko batean murgilduta, biktimekiko umiliazioa dakarten gertakarien edo jardueren inguruan. Eta eztabaida horretatik kanpo utzi dira Estatuaren biktimak. Estatuaren indarkeria pairatu genuenon sentimendua, jasaten ditugun umiliazioen aurrean dugun ikuspegia eta interpretazioa, badirudi ez zaiela batere interesatzen tribuna instituzionaletatik etengabe ahotsa altxatzen dutenei.
Bakea eta bizikidetzaren oinarriak eraikitzea pertsona guztien eskubide guztien errespetutik abiatu behar dela ulertuta, berriro ere gure sentimendua eztabaida publikora zuzendu nahi dugu, gure osotasun emozionalari zuzenean eragiten dioten gaiei buruz, hain zuzen ere: giza eskubideen urraketa larriak eta estatu-terrorismoa egin dituztenen presentzia publikoa, eta horien gorespena eta omenaldi instituzionala.
Sortzen zaigun sentimendu hori gure biktimazioaren eragile izan ziren horien etengabeko laudoriotik dator, erakunde-egoitzetan duten ohorezko presentziatik, estatu-ospakizunetan eta -jaialdietan, diskurtso instituzionaletan, demokraziaren eta zuzenbide-estatuaren bermatzailetzat jotzen dituztenean.
Gaur urriak 12an, Sansomendiko Guardia Zibilaren koartelean ospatu zirenen moduko ekitaldiez ari gara. Horietan, ordezkari publikoek "eskerrak eta aintzatespenak" eskaintzen dizkiete beren agenteei,"herritarren eskubideen eta askatasunen erabilera askearen zein segurtasunaren bermatzaile" gisa duten dedikazioagatik.
Mingarriak eta umiliagarriak zaizkigu indarkeria horren bazka izan ginenontzat, eta uste dugu, horrelakoak:
Gure diskriminazioa eragin zuen indarkeriaren zilegitasunaren adibide garbia direla, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketak jasan genituenen kriminalizazio sinbolikoa ere badirela, horien bermatzaile izatera deituta daudenen eskutik.
Indarkeria pairatu genuenenganako erabateko probokazioa eta umiliazioa direla.
Era berean, ahotsa altxatu behar dugu herrialde honetako gehiengo politiko eta instituzionalaren oihartzun isil lotsagarriaren aurrean. Orain egun gutxi argitara atera da Estatuko goi-kargudunek egindako adierazpen batzuk direla medio, garai bateko Barne Ministerioa bonba-gutunak bidaltzearen arduradun izan zela; horien artean, 1989an Errenteriako langile gazte baten heriotza eragin zuena.
Euskal Herritarrok urte batzuk daramatzagu bizikidetzaren inguruan lanean, oinarri sendo bat ezartzen lagunduko diguten gutxieneko komun horiek aurkitzen ahaleginduz, guztion artean pertsona guztien giza eskubideekiko errespetuan eta konpromisoan oinarrituko den gizarte bat eraikitzeko. Ukaezina da euskal gizarteak zentzu horretan bilakaera positiboa izan duela, eraikitzen jarraitzeko bidea oraindik luzea bada ere.
Baina batzuek sutsuki defendatzen duten ikuspegi etikotik jasanezina da hau bezalako ebidentzien aurrean beste aldera begiratzea. Zentzu komun apur bat nahikoa da ulertzeko gai eta eztabaida batzuk modu integralean landu behar direla, benetan nahi duguna baldin bada guztiontzat bizikidetza parametro demokratikoetatik eraikitzea. Ez dirudi moralki hezitzailea, aintzindari etiko gisa agertu nahi izatea eta predikatzen duenarekin bat ez egitea.
Beste batzuei norbera emateko prest ez dagoena exigitzea ba al da, benetan, zerbait sendo eraikitzeko zoru etikoaren adibide?
Gure ustez, isiltasaun batzuek partzialtasun izugarria adierazten dute, eta agerian uzten dituzte gai honen azpian dauden interes partikularrak: etekin politikoa eta gatazkaren testuinguruan milaka pertsonaren giza eskubideak urratu zituen estatu-indarkeriaren diskurtso legitimatzailea indartzeko beharra.
Gerra zikinaren, torturaren edo poliziaren indarkeriaren biktimok jasaten ditugun irainen aurreko isiltasunak marrazten du, gure ustez, etika demokratikoaren inguruan dagoen zinismo espiral lotsagarria.