Hil denetik hamabi ordu pasatu arte ez diote jakinarazi familiari; presoa bisitatzera joan direnean jakin dute heriotzaren berriGaixo larri dauden presoak segituan aske uzteko exijitu du Herrira mugimenduak
Xabier Lopez Peña euskal presoa hil da (Galdakao 1958-Paris 2013). Arazo kardiobaskularrak zituen aurretik ere, eta hilaren 11n espetxetik erietxera eraman zuten bihotzekoak jota. Haren egoerak okerrera egin zuen ostegun eta ostiralean, eta atzo goizaldeko ordubatean hil zen. Familiak ez zuen heriotzaren berririk izan, harik eta 13:00etan presoa bisitatzera joan ziren arte. Hilda zegoela esan zieten, baina arazoak jarri zizkieten gorpua ikusteko. Aske uzteko eskaera eginda zuten arren, preso zegoela hil da.
Familiak desinformazio handia izan du azken egunetan. Parisko Petite-Salpetriereko erietxearen zein Fleury Merogiseko espetxearen jarrera gogor salatu du Etxerat-ek: «Xabier Lopez Peñaren gaixotzea, ospitaleratzea eta baita haren heriotza ere isilpetu dute». Haren osasuna kritikoa zela jakin arren, bisitak atzeratu eta oztopatu ere egin dizkietela jakinarazi du. Atzo, Frantziako Gobernuak eta erietxeak ez zuten esan ezer Lopez Peñaren heriotzaren inguruan.
Espetxeak ez zien familiakoei abisurik eman presoa bihotzekoak jota erietxera eraman zutenean. Astebete geroago jakin zuten, espetxe horretako gainerako presoek esanda. Senitartekoak galdezka hasi zirenean, kartzelak ez zien erantzunik eman, eta beren kabuz ikertu behar izan zuten. Hasiera batean Corbeil-Essonnesko erietxera eraman zuten, eta «zailtasunak» izan ostean eraman zuten Petite-Salpetriereko erietxera. Odol isuria izan zuen burmuinean, eta ebakuntza egin zioten. Ostegunean eta ostiralean nabarmen egin zuen okerrera Lopez Peñaren osasunak, eta eskuekin eta begiekin baino ez zen komunikatzen.
Azken negoziatzailea
ETAren eta Espainiako Gobernuaren artean ofizialki izan diren azken negoziazio saioetan erakunde armatuaren bozeramailea izan zen Lopez Peña. Imanol Murua Uriaren Loiolako hegiak liburuan jasota dagoenez, 2007ko maiatzaren 21ean egindako azken bileran, hura izan zen ETAren ordezkari bakarra, eta alderdien mahaian ados jarri ezean ETAk ez zuela gobernuarekin ezer gehiago hitz egiteko esan zuen. Mahai politikoan ez zuten akordiorik egin, eta han amaitu ziren ordura arteko saio guztiak. 2008ko maiatzean atxilotu zuen Lopez Peña Frantziako Poliziak, Bordelen. Jon Salaberria, Ainhoa Ozaeta eta Igor Suberbiolarekin batera atxilotu zuten. Preso egon da orduz geroztik.
1983an ere atxilotu zuten, Sokoan, baina libre utzi zuten. Orduan hasi ziren Espainiako poliziak Lopez Peña ETArekin lotzen.
«Azkena izan dadila»
Ezker subiranista osatzen duten alderdi politikoek eta Herrira mugimenduak gogor salatu zuten Lopez Peñaren heriotza. Twitterren mezuak jartzen hasi ziren segituan, eta Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko legebiltzarkideak, esate baterako, Lopez Peñaren izena hildako presoen zerrendan azkena izateko hartu beharreko neurriak hartzeko exijitu zuen.
Herrira mugimenduak «giza eskubideak urratzen dituen espetxe politika anker baten ondorio» jo zuen presoaren heriotza. Gizartearen gehiengoak «eskubideen urraketa atzean utzi eta gehiegi luzatzen ari den gatazkaren ondorioz» heriotza gehiago ez gertatzea nahi duela azpimarratu zuen mugimenduak, eta ohartarazi dute «koktel makabroa» osatzen dutela sakabanaketak, bakartzeak, zigorrak luzatzeak, «bizi-baldintza negargarriak», osasun asistentzia «desegokiak», larri gaixo dauden presoak aske ez uzteak eta abarrek. Gaur egun Frantzia eta Espainiako espetxeetan gaixo larri dauden hamabost euskal preso daudela gogorarazi du, eta haiek guztiak aske uzteko eskatu du. Gizarteak konponbideak nahi dituela dio, eta espetxe politika «ondorio tragikodun traba erraldoia» dela ohartarazi.