Zabalik da Estatuak praktikara eramandako giza eskubideen urraketen biktimen aitortza eta erreparaziorako eskaerak aurkezteko epea 2021era arte

1960 eta 1999 urteen arteko eskubide urraketa kasuek aurkeztu ditzakete eskaerak. Lan horretan, behar duen orori laguntza eskaintzeko prest gaude: izan hildako biktimaren baten senidea, izan torturatua, izan zauritua.

Euskal Herriko gatazkaren testuinguruan, pertsona asko hil dira azken mende erdian , pertsona gehiegi. Gure geografian mota eta jatorri askotako indarkeriak elkarbizi izan dira, min eta sufrimendu handia sorrarazi dutenak. Milaka pertsonak torturak pairatu dituzte, eta ehundakak zauri larriak jasan.

Zorionez, Euskal Herriko jendarte zabalak bake eszenatoki berri baten ateak zabaltzen jakin du azken urteotan, eta elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko bideari ekiten, apurka bada ere, aurrera eginaz.

Hala ere, oraindik, tamalez, Euskal Herrian giza eskubideen urraketa larriak jasan dituzten biktima guztiak ez dira beren eskubideen jabe: Estatuak praktikara eramandako edo sustatutako biolentzien biktimak diskriminatuta diraute: poliziaren indarkeria jasan dutenak; salbuespenezko espetxe politikak hildakoak; errepide kontroletan eraildakoak; eskuin muturraren erasoak jasan dituztenak; gerra zikinaren sigla anitzek hildakoak; torturatuak; zaurituak; Estatuko Segurtasun Indarrekin ustezko enfrentamenduetan hildakoak; etab.

Estatu espainiarrak eta bere sistema judizialak ahalbidetu dute krimen horiek guztiak gertatzea eta betikotzea. Inpunitatea izan da nagusi orain artean.

Hori dela eta, Egiari Zor Fundaziotik, Estatuaren biolentzia anitzak pairatu dituzten pertsona horien guztien eskubideen defentsan dihardugu lanean 2012. urtetik.

Jorratzeke dugun bidea luzea da oraindik, biktima guztiak dagokien eskubideen jabe diren eszenatokira heltzeko: egia, aitortza, justizia, erreparazioa eta bizi izandakoa berriro errepikatuko ez denaren bermeak.

Irailaren 27an, Eusko Jaurlaritzak martxan jarri du eskaerak egiteko epea Estatuak praktikara eramandako giza eskubideen urraketen biktimen aitortza eta erreparaziorako Legearen baitan.

Lege horrek (12/2016) 1979 eta 1999 urteen artean EAEn eraildako pertsonak, torturak jasandakoak eta larriki zauritutakoak aitortzea du xede eta ibilbide benetan korapilatsua izan du, Estatuko zenbait alderdi politikok, polizia sindikatuk eta epaitegik blokeatzeko hainbat eta hainbat saiakera egin dituztelako. Euskal Herriko gatazkan gertatutakoa ukatzen dutenak, oraindik eragindako minaren eta giza eskubideen urraketen ardurarik beren gain hartu ez duten horiexek izan dira, hain zuzen ere, errekurtsoak aurkeztu dituztenak, legea suspenditu dutenak...

Egiari Zor Fundaziotik sarritan salatu dugu Legea ez dela, inondik inora, diskriminazioa behin betiko gainditzea lortuko duen mekanismoa, biktima asko eta asko ezingo baititu onartu eta ez duelako, oraindik, egungo legediak egiten duen jasandako biolentziaren jatorriaren araberako kategorizazioa gaindituko.

Baina, hala ere, Legearen martxan jartzea positiboa dela uste dugu, elkarbizitzaren eraikuntzan aurrerapausoa dela, biktima asko eta askoren aitortza posible egin dezakeelako, jasandako eskubide urraketen egia modu ofizial eta publikoan aitortu dezakeelako eta biktima horiek erreparatzeko baliabideak eskaini ditzakeelako.

Horregatik guztiagatik, uste dugu ezinbestekoa dela aitortza eskaini diezagukeen aukera hori galtzen ez uztea.

Orain 2 urteko epea zabaldu da, Estatuak praktikara eramandako biolentziak jasan zituzten pertsonek beren testigantzak aurkeztu diezazkioten Balorazio Batzordeari. Kasuak aztertu ostean, horrena izango da giza eskubideen urraketak izan ziren edo ez xedatzeko ardura eta, horrela izatekotan, beharrezko diren erreparaziorako neurriak zein behar duten izan zehaztuko du.

Eskaerak aurkeztu ditzaketen pertsonak dira Euskal Autonomia Erkidegoan motibazio politikoko biolentzia jasan zutenak 1978. urteko abenduaren 29aren eta 1999. urteko abenduaren 31ren artean. Zehazki:

  • Hildako pertsonen senitartekoak.
  • Behin betirako lesioak dituzten biktimak, ezgaitasun osoa edo graduren batekoa ondorio izan dutenak edo ez.
  • Torturak pairatu zituzten biktimak, eta baita tratu txar larriak jasan zituztenak edo behin betirako izan ez diren lesioak ere.

Horiez gain, giza eskubideen urraketak EAEtik kanpora jasan zituzten baina, momentu hartan, bertako biztanle ziren pertsonek ere aurkeztu ditzateke eskaerak.

Kasu guztietan, eskaerak aurkezteko epea 2 urtekoa da (2021eko irailean amaituko da).

Bestetik, 1960ko urtarrilaren 1etik 1978ko abenduaren 28ra bitarte giza eskubideen urraketak jasan zituzten biktimek ere eskaerak aurkeztu ditzakete, baldin eta orain artean aitortzarik jaso ez badute, aurretik eskaerarik egin ez badute (107/2012 Dekretuak zabaldutako epearen baitan) edo epez kanpo egin badute. Kasu honetan, epea laburragoa da: 2020ko apirilaren 17ra artekoa, hain zuzen.

Egiari Zor Fundaziotik uste dugu oso garrantzitsua dela Estatuak eragin edo sustatutako biolentzien biktima orok Eusko Jaurlaritzari aitortza eskaera aurkeztea, jasandako giza eskubideen urraketak modu ofizialean aitortuak izan daitezen.

Gaurkoan, deialdi publiko hau egiten dugu, jakinda Lege honek ez duela lortuko kasu guztiei erantzuna ematea, eta eskaera asko eta asko ukatuko dituztela.

Baina, hala ere, izugarrizko garrantzia du eskura ditugun tresna guztiak baliatzeak Estatuak euskal gatazka politikoaren testuinguruan praktikara eraman dituen biolentzia guztiak argitara behingoz ateratzeko, orain arteko ukazioarekin amaitzeko eta zentso ofizialen parte ere bilaka daitezen, giza eskubideen urraketak jasan dituen pertsona bakar bat ere babesik gabe gera ez dadin.

Eskabideak aurkezteko prozesua Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiaren webgunetik egin behar da (LOTURA HEMEN).

Baina, gaurkoan, Egiari Zor Fundaziotik, aditzera eman nahi dugu prest gaudela beharra duen pertsona orori tramitazio prozesuan laguntza eskaintzeko, izan hildako biktimaren baten senidea, izan torturatua, izan zauritua. Horretarako, gurekin harremanetan jartzea nahikoa da, gure helbide elektronikora mezua idatzita (info@egiarizor.eus) edo 944 045 363 telefonora deituta.