Santi Brouard eta Josu Muguruzaren hilketen urteurrenean Ametzolan eta Errekalden egin ditugun lore eskaintzetan gogoan izan ditugu Estatuak Euskal Herriaren aurka erabili duen indarkeriaren ondorioz hildako ehunka pertsonak.
Ane Muguruzak hartu du hitza Errekaldeko ekitaldian Egiari Zor Fundazioaren izenean:
Gaurko egunez, 1984ko azaroaren 20an, estatu terrorismoak Santi eraman zuen. Bost urte beranduago, 1989an, jatorri bereko beste bala batek Josu hil zuen. Zoritxarrez, Santi eta Josu ez ziren izan Espainiako Estatuak lurralde honetan erabili duen indarkeriak eraildako lehenak, ezta azkenak ere. Estatu terrorismoa ez da GAL bakarrik izan.
Horregatik, gaur, omenaldi hau eskaini nahi diegu Estatuaren indarkeriaren biktima horiei guztiei, egia itzaletik argira ateratzeko borrokan jarraitzen duten guztiei, hedabideetan espazio txiki bat ere izaten ez duten horiei, efemerideetan aipatzen ez direnei, izen debekatua dutenei edo kontatzea debekatuta dagoen historia bat dutenei.
Gaur egun harritu egiten gaitu denbora gertutasunagatik lotsagorritzen gaituen errebisionismo historikoaren erasoak. Termino zehatz batzuk hobestearen inguruan interesa dutenek kantinela errepikakor batek itotzen gaituzte, termino horien gainean kontakizun bakarra eraiki ahal izan dadin, ofiziala, hain zuzen ere. Helburu horren aurrean, indarkeria eta estatu-terrorismoaren biktima eta kaltetuak eta Espainiako Estatuaren izaera demokratikoa zalantzan jartzen dugun guztiak gero eta oztopo nabarmenagoak gara. Eta hala gara eskaini nahi diguten hori beste gabe onartzen ez dugulako, saldu nahi duten kontakizuna faltsua dela aditzera ematen duten arrazoirik nabarmenenak garelako. Baina kontakizun faltsu hori inposatzeko saiakerak bere horretan dirau, iraganean egin moduan, funtsean estatuaren beraren oinarriak legitimatzeko: indarkeria eta zigorgabetasuna.
Memorial baztertzaileak, ukatzen gaituzten diskurtso eta ekimen instituzionalak, jarrera alderdikoiak dituzten ustezko bizikidetza-planak... Etengabe jasan behar ditugu estatuaren indarkeria eta terrorismoa goraipatzeko ekintzak, ustezko demokraziaren izenean jardun zuten horien jarduna goraipatzeko ekimenak, torturak eta giza eskubideen urraketen goratzeak.
Eta, horren guztiaren aurrean, ekintza konkretuetara jo behar denean, errealitatera, ikusten dugu nola parapetatzen diren zenbait pisurik gabeko argudioetan oraindik ere, zuzenbidezko estatu demokratiko honen oinarri diren estolda kirastuak ez aireztatzeko.
Ulertzekoa da erregimen militar faxista batek parametro demokratikoen aurka jardutea, baina XXI. mendean, ustez "demokrazia finkatua" dugun honetan, sekretu ofizialen konstituzio aurreko Legearen indargabetzea errealitate ez izateak, adibidez, asko esaten du bizi dugun egoeraz.
Trantsizioa, gerra zikina, otsailaren 23ko estatu kolpe saiakera, ZEN plana, Navajas txostena, GAL, Etxebarrietaren heriotza, Iharrarena, martxoaren 3ko sarraskia, Germán Rodríguez, Jose Miguel Etxeberria, Pasaiako 4ak, Almeria kasua, Muruetagoiena, Urigoitia, Zabalza... Zeren beldur dira? Egia jakitearen beldur? Argitu gabeko krimenak argitzeko beldur?
Simaur pila hori guztia gainetik kentzea saneamendu demokratikoa da, baina horretarako borondatea behar da, ETAren aurkako ustezko borroka-estrategia baten babesean egindako giza eskubideen urraketa guztien erantzukizun politikoak bere gain hartzeko bezalaxe. Estrategia hori proiektu politiko legitimo bati eta hura partekatzen zuen orori aurre egiteko diseinatu zen. Santiren proiektua, Josurena, Eugenio Aranbururena, Mikel Arregirena, Tomas Albarena eta dagoeneko ez dauden hainbat eta hainbatena, haien ideia politikoengatik errepresioa jasan zutenena da, hain zuzen ere. Gaur hemen biltzen garenona da.
Eta, gainera, jasan behar dugu batzuk gure gidari etiko gisa aurkeztea beren burua. Ikasgai etikoak? Panorama honekin... gutxi ez, bat ere ez.
Ramon Jauregik berriki esan du Estatuak ez duela bere gain hartu behar GALekiko duen erantzukizuna. Gogora dezagun PSOE Moncloara iritsi berria zela ZEN Plana martxan jarri zuenean, GALekin batera abiatu zen hura. "Nahikoa da informazioa sinesgarria izatea ustiatzeko", zioen. Horrela, une horretatik aurrera bertsio ofizialak bilakatu ziren hedabideek iritzi publikoari aditzera eman zioten iturri bakarra.
Plan horrek milaka herritarren atxiloketa arbitrarioa ahalbidetu zuen, eta "dena ETA da" doktrinaren aitzindaria izan zen. Tortura tresna polizial modura balioztatu zuen baita demokrazia garaian ere, eta hura aplikatzeagatik prozesu judizialak eragozteko beharra ezarri zuen.
Horrenbesteraino, ezen Eusko Jaurlaritzaren Euskadiko torturari buruzko txostenaren arabera, Ertzaintza ere zipriztindu baitu. Lehendakariak Ertzaintzaren aurkako tortura-epai bakar bat ez egoteaz harro dagoela esan arren, guri min ematen digu oraindik inork ezer esan ez izana 300 torturatu baino gehiagori, zigorgabetasun osoz estalita jarraitzen duten kasu horiei guztiei.
PSOE Gobernura iritsi eta bi urtera Santi hil zuten; 5 urtera, berriz, Josu. Baina ez ziren bakarrak izan, askoz gehiago ere izan ziren, GALek erailak, polizia-kontroletan erailak, Estatuko Segurtasun Indarrekin izandako ustezko liskarretan erailak, torturapean, salbuespeneko espetxe-politikaren eraginpean, deportazioan... Ez, estatu-terrorismoa ez da GAL bakarrik izan.
Indarkeriazko estrategia horren guztiaren erantzukizuna ez da soilik estrategia hori abian jarri zutenena, horretarako ezinbestekoa baitzen gehiengo politikoaren babesa. Gaur egun etikaren, moralaren eta politikoki onargarria denaren elite gisa aurkezten den elite politiko horrena, hain zuzen ere.
Duela hiru aste Donostian emandako prentsaurreko batean esan genuen: zain gaude ea zuek noiz emango dituzuen pausoak, ea besteei eskatzen diezuen hori zuek emateko gai zareten. Espero eta desira dugu koherentzia nahikoa izango duzuela sekretu ofizial aitor ezin horiek azaleratzeko. Ausardia izango duzuela herri honetan milaka pertsonari eragin diezuen kaltea behingoz aitortzeko, bai eta Estatu-terrorismoak sortutako tragediaren erantzukizun politikoak onartzeko ere. Ez, Estatu terrorismoa ez da GAL bakarrik.
Horrela bakarrik kokatu ahal izango dugu bizikidetza gutxieneko parametro demokratikoetan, gatazka politikoa eta haren ondorioak behin betiko konpontzeko bideari ekiteko.
Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko lanean dihardugu azken urteotan buru belarri, eta horretarako ezinbestekoa da, gatazkaren ondorioak gainditzeaz gain, gatazka sortu zuten arrazoiak ere konpontzea. Aurten ere, bide horretan jarraitzeko gure erabateko konpromisoa adierazi nahi dugu, Santik eta Josuk egin zuten moduan.
Gora Santi!
Gora Josu!