Egia jakiteko garaia da

Josu Zabala Salegi Debako Punta Mendatan hilik agertu zenetik 25 urte beteko badira ere, kasuak egun argitu gabe jarraitzen du. Martxoaren 26an Etxarri-Aranatzen ekitaldia burutuko dugu, Josuren heriotzaren inguruabarrak argitu daitezen eta egia jakiteko eskubidea aldarrikatzeko.

 

Josu Zabalaren gorpuak bihotzaldean tiro bat zuela agertu zen eta berehala iturri ofizialek, bere buruaz beste egin zuelaren teoria zabaltzen hasi ziren. Abian jarritako ikerketak ordea, teoria ofizial hori apurtzen zuten hainbat froga mahaigaineratu zituen, hala nola:

 

  • Bihotzean sarrera eta irteera zuloekin bala-zauri bat izan arren, gorpua agertu zeneko lekuan ez zegoen odol arrastrorik.

  • Gorpuaren ondoan agertutako pistolak ez zuen Josu Zabalaren aztarnarik, ez odolik ez arrastro organikorik, ez barrutik ez kanpotik.

  • Bularreko zauria eragin zuen bala ez zen bertan edo inguruetan aurkitu.

  • Josu Zabalaren zapatetako lurra aztertu ostean, analisiek baieztatu zuten lur hori ez zela gorpua agertu zeneko tokikoa.

  • Autopsiak gorpua aurkitu baino 12 ordu lehenago hil zela ondorioztatu zuen, baina inguruetako biztanleek ez zuten tiro hotsik entzun Josu Zabala hilik agertu zen eguneko gau hartan.

  • Punta Mendatako ingurua ibilgailuz joateko malkartsua izan arren bai entzun zituzten ordea, ordu txikitan hainbat kotxe ibili zirela Mendatara doan bidetik.

  •  Lokien aldean marka gorrixkak zituen, borobil formakoak.

 

Egindako frogen ondorioak aski sendoak dira pentsatzeko iturri ofizialek kasu honi buruz emandako bertsio ofiziala ez dela benetan gertatutakoaren egia.

 

25 urte eta gero galdera gehiegi erantzun gabe diraute, egia jakiteko garaia da.