Bada garaia Josu Zabalaren heriotzaren inguruko egia jakiteko. Indarrean dagoen bertsio ofiziala ez dator bat abiatutako ikerketa judizialaren ondorioekin, hala ere suizidioaren teoria bere horretan dirau.
Euskal Herriko gatazkaren testuinguruan, pertsona asko hil dira indarkeria eta konfrontazio armatuaren hamarkada luzeen ondorioz. Gure geografian hainbat indarkeria egon dira, eta milaka giza eskubideen urraketa eragin dituzte; mina eta sufrimendu haundia sortuz.
Giza eskubideen urraketa jasan zuten pertsona batzuk aitortuak izan dira eta Legeak ematen dizkien eskubideak erabili ahal izan dituzte. Estatuak eragindako bortxa pairatu dugun gehienontzat ordea, abiapuntua oso bestelakoa da; urte askotako ukapenaren ondoren, egin zigutenaren egia ezartzeko borrokan jarraitzen dugu, heriotza eta giza eskubideen urraketa bakoitza, salbuespenik gabe, ofizialki erroldatu, aitortu eta erreparatu dadin.
Besteak beste, poliziaren indarkeriaren, eskuin muturraren, gerra zikinaren, salbuespeneko espetxe politikaren, torturaren, bortxazko desagerpen edo “Estatuko Segurtasun Indar”-rekin ustezko liskarren ondorioz hil zirenei buruz hitz egiten ari gara. Izan ere kasu gehiegitan poliziaren ekintza justifikatuz, heriotzak naturaltzat joz edo hildakoa bere heriotzaren erantzule eginez, eraikitako bertsio ofizialak benetako krimenak ezkutatzeko balio izan du.
Hala nola, Intxaurrondoko koartelean hildako Mikel Zabalzarena, bizkarrez tirokatua hildako Mikel Castillorena, salbuespeneko espetxe politikak hildako Peio Mariñelarenarena, San Ferminetan Poliziak hildako Germán Rodríguezena, Guardia Zibilak tirokatutako Mikel Arregirena...eta abar luze bat.
Ez da harritzekoa beraz, kasu askotan gertatutakoaren egia itzalez eta argitu gabeko galderez inguratuta egotea. Izan ere Egiarako eskubidea gauzatzea ezinezkoa da ikerketa eraginkorrarekin eta informazio egoki bat eskuratzeko aukerarekin elkarlotuta ez badago. Tamalez, kasu hauen inguruan, abiatutako ikerketak oso eskasak izan ziren, prozedura batzuetan lekukotza-frogak ukatuz, trabak sortuz, bidegabeko atzerapenak ezarriz eta baten batean inkluso, froga perizialak desagerraraziz ere; Gertatutakoaren egia jakitea oztopatuz eta arduradunen inpunitatea ahalbidetuz.
Eta hau, zalantzarik gabe, funtsezko kontua da ulertzeko zergatik egun, Estatuak eragindako giza eskubideen urraketa eta heriotza askoren inguruan egia ezartzeko lanean jarraitzen dugun.
Horixe bera da gaurkoan Etxarrira ekartzen gaituen arrazoia, Josu Zabala Salegi zenaren inguruan. Hilik agertu zenetik 25 urte beteko dira. 25 urte ere bertsio ofizial iraingarri bat eraiki zenetik, ez duena, inolaz ere, Josuren heriotzaren inguruabarrak argitzen. Galdera gehiegi ditugu eta inork ez ditu oraindik erantzun;
Kasu hauek, argitu litzakeen dokumentazioak, Konstituzio-aurreko lege batek blindatuta jarraitzen du gaur egun. Sekretu ofizialei buruzko Legearen indargabetzea dagoeneko errealitate ez izatea, indarrean dagoen demokraziaren kalitate eskasaren eta kasu hauek zein beste asko argitzeko borondaterik ezaren beste froga bat da; frankismo garaian, trantsizioan eta ustezko demokrazia honetan gertatutakoak.
Lege honek dio “baimendu gabeko pertsonek Estatuaren segurtasuna eta defentsa kaltetu edo arriskuan jar ditzaketen gaiak, egintzak, dokumentuak, informazioak, datuak eta objektuak "; babestu egiten dituela. Zer ezkutatzen dute zuzenbide-estatuaren zimenduetan? Ez al da izango, arriskuan dagoena Estatu beraren izaeraren sinesgarritasuna?
Izan ere, trantsizioari, gerra zikinari, 23F deitutakoari, ZEN planari, Navajas txostenari, edota GAL-i buruzko egia argitara aterako litzateke.
Etxebarrietaren, Luzia Urigoitiaren, Antón Fernández o Josu Muruetaren heriotzen inguruko egia ezagutuko genuke; Blanca Salegi, Ttotto Geresta eta Pasaiako Badiako 4 gazteen en egia...Almeria kasuarena, martxoak 3ko langileena, Aldana Tabernan hil zutenena, Gurutze Iantzi edo Kalparsororen inguruko egia ezagutzeko aukera izango genuke; Jose Miguel Etxeberria non duten jakingo genuke...Eta beharbada Josu Zabala Salegiren heriotzaren egia ere.
Argi dagoena da 1968ko Lege hau oraindik ere egia jakiteko dugun eskubidea ukatzen digun legezko mekanismo bat dela. Era berean, Lege honek dagoeneko babesten dituenen inpunitatea iraunkortzeko eta giza eskubideen aurkako balizko komisio edo portaera berrien aurrean inpunitate berbera ahalbidetzeko balio du.
Gure senideen pairatutako giza eskubideen urraketen inguruan dagoen inpunitatea normalizatu nahi dute, Estatuaren bortxak eragindako ondorioak gutxitzeko, erantzukizunak lausotzeko eta kolpatu gintuen indarkeria zilegia izan zelaren ideia zabaltzeko asmoz.
Ez dezagun ahaztu: giza eskubideen urraketa larriak dira eta ustezko segurtasun nazionala ezin da izan delituak edo giza eskubideen urraketak ezkutatzeko koartada bat, ezin da erantzukizunak ez argitzeko aitzakia izan.
Ozen diogu, determinazio osoz jarraituko dugula gure senideen heriotzen egia bilatzen, zabaltzen eta oroitzen.
Egiarako eskubidearen nazioarteko egunaren bueltan gaudelarik gogorarazi nahi dugu Egia eskubide bat dela, norbanakoa zein kolektiboa. Beren eskubideen urraketa jasan dutenei, hildakoen senideei eta gizarte osoari dagokiona ezinbesteko elementua delako elkarbizitza termino demokratikoetan eraikitzeko; Hortaz, egia ere ez errepikatzeko bermeen eta memoriaren politika publikoen oinarria behar duela izan.
Josuren heriotzaren 25 pasa dira...Egia jakiteko garaia da.