Etxerat eta Egiari Zor erakundeek prentsaurrekoa eman dugu gaur Bilbon, euskal instituzionak, gure arduradun politikoak eta gizarte zibila gai horren inguruan interpelatzeko.
Prentsaurrekoaren testua:
Prentsaurreko hau euskal gatazka politikoaren ondorioak konpontzeko lan egiten dugun bi gizarte erakundek eskaintzen dugu, nahiz eta gure eguneroko egitekoak desberdinak diren: Etxerat preso, erbesteratu eta deportatuen senideak eta lagunak biltzen dituen elkartea da. Egiari Zor Fundazioak, berriz, estatuaren indarkeria jasan duten biktimen eskubideen alde lan egiten du, indarkeria horren forma anitzak kontuan hartuta.
Gaur mahai honen inguruan biltzen gaituena bi erakundeok partekatzen dugun helburu komun bat da: Euskal Herriak bizi duen eraikuntza une honetan, salbuespenezko espetxe politikaren ondoriozko indarkeria jasan duten pertsonei dagozkien eskubideak bermatzeko beharra.
Euskal Herriak garai berri bat bizi du, eraikuntza garai bat. Azken hamarkada honetan gureak bezalako gizarte zibileko erakundeen bultzadari esker, neurri handi batean, eman diren urratsek aukera berriak zabaldu dituzte, eta agertoki berri batean kokatu gaituzte, eta etorkizuneko bizikidetza eraikitzea da gure lehentasun nagusia. Gizarte berri baten oinarriak ezartzen ari gara, pertsona guztiak dagozkien eskubideen jabe izan behar diren gizarte berri bat, bermatzeko jasan dugunaren antzeko ezer ez dela berriro errepikatuko. Hori guztia, gure ustez, potentzial izugarria duen tresna baten bidez soilik egin ahal izango dugu: memoriaren bidez, hain zuzen ere.
Horretarako, inolako zalantzarik gabe, urte luzez eskubideak urratu izanaren ondorioak konpondu behar dira. Horretarako lanean dihardugu ordezkatzen ditugun erakundeetatik.
Ukaezina da aldaketa-dinamika bat abian dela biktima guztiei dagozkien eskubideak emateari eta espetxe-salbuespenarekin amaitzeari dagokionez. Lehen aldiz, aitortza legeak ditugu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta baita, espero dezagun, Nafarroan ere; txostenak ditugu, nazioarteko protokoloen bidez, azken 60 urteetan torturatutako pertsonen kopurua zein izan den aditzera ematen dutenak; pixkanaka-pixkanaka, salbuespenezko espetxe politika aplikatzeko baliatu diren neurrietako batzuk amaitzeko bidean aurrera egiten ari gara, astero lekualdaketa eta aberriratze berriak gertatzen baitira.
Baina, era berean, ukaezina da oraindik denbora luzea beharko dugula euskal presoei legeria arrunta aplikatzeko eta baimenak eta baldintzapeko askatasunak lortzeko. Oraindik ere badira gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak, kondena luzeak betetzen; 7/2003 Legea blokeoa da espetxe politika humanizatzeko bidean, euskal gehiengo politikoak eskatzen duen bezala; Estatuaren biktimak bide judizialetik bidezko tratua borrokatzera behartuta daude oraindik ere, horrek beren berbiktimazioa dakarrelarik; edota, Gasteiz eta Iruñeko exekutiboek onartutako legeek ez diote justiziarako eskubiderik eta diskriminaziorik gabeko tratua bermatuko biktima askori.
Aipatu berri ditugun azken kasu horiei dagokienez, salbuespenezko espetxe politikaren urte luzeek zuzenean eta zeharka honako heriotzak eragin dituzte azken 6 hamarkadetan: 35 euskal preso politiko (2011tik 13) eta horien 16 senide eta/edo lagun hil dira. Gainera, beste bi pertsonak bere buruaz beste egin zuten espetxeratzea saihesteko.
Heriotza horiek guztiek badute zerbait komunean: guztietan, salbuespenezko neurri politikoen aplikazioa erabakigarria izan da. Guztietan izan da erabaki politiko bat, edo erantzukizunik eza, zuzenean edo zeharka, pertsona horiei eragin dien indarkeria eragin duena:
Presoak sakabanatzea eta urruntzea;
Behar den osasun-arreta ukatzea;
Behar diren tratamenduak jasotzeko zailtasunak;
Atzerapen bidegabeak ospitaleratzeetan edo ebakuntzetan;
Gaixotasun sendaezinen aurrean protokoloak berandu eta modu arbitrarioan aplikatzea;
Bizi-baldintza gogorrak erregimen itxietan, isolamendu luzeak...
Iraganean sufritu dugunaren antzeko ezer berriro gertatuko ez dela bermatzea etorkizuneko bizikidetza eraikitzeko oinarririk onena da. Eta hori memoriaren bidez baino ez da posible izango, memoria kritiko inklusibo baten bidez, gertatu den guztia eta jasan dugun guztia, baita aipatu berri ditugun heriotzak ere, aintzat hartuko dituena.
Eztabaida honi ekiteko garaia da. Gaur egun, horretarako prest dagoen gehiengo politiko eta soziala dago. Gehiengo horrek lehen urratsa eman du jada (sindikatu guztiek ere bat egin dute): berriki, Lasarte-Oriako, Soraluzeko, Tolosako, Getxoko, Laudioko, Zierbenako, Otxandioko eta Ugaoko Osoko Bilkurek (lehenago Iruñean eta Berriozarren gertatu moduan) aitorpen sinbolikoa eman diote presoen senideek urruntzea eta sakabanaketa direla-eta jasandako sufrimenduari.
Ildo horretan, jakitera eman nahi dugu, halaber, Eusko Jaurlaritzaren Estatuak egindako giza eskubideen urraketen biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko Legearen esparruan, sakabanaketaren ondorioz hildako pertsonen eskaerak aurkeztu ditugula, deialdia zabalik dagoen urteei dagozkienak (1979-1999), jakinik Legea ez dagoela berariaz bideratuta gaur egun duen formulazioarekin kasu horiek aitortzera eta erreparatzera.
Hain zuzen ere, salbuespenezko espetxe politika urte luzeek zuzenean eta zeharka eragin dituzten heriotzek planteatzen duten erronkari aurre egiteko unea iritsi dela uste dugulako egin dugu hori. Gaur, pertsona horiei errekonozimendu ofiziala eta erreparazioa nola eskaini ztabaidatzen hasteko unea dela aldarrikatu nahi dugu, ekimen sinbolikoetatik haratago.
Heriotza hauek ekidin zitezkeen. Giza eskubideak mendekuaren, zigor erantsiaren edo ustezko segurtasun irizpideen gainetik gailendu izan balira, errealitatea oso bestelakoa zatekeen. Salbuespenezko espetxe-politikak heriotzak eragin ditu, eta horiek ere beren lekua izan behar dute memoriaren mapan, etorkizuneko bizikidetza elkarrekin eraikitzen jarraitu ahal izateko.