Bilbon egin dugun prentsaurreko publikoan salatu dugu herri honetako erakundeek erabat babesik gabe utzi gaituztela, eta berretsi dugu lanean jarraituko dugula Txabi Etxebarrietarena bezalako erailketak, exekuzioak eta eskubide-urraketak ezkutatu dituzten bertsio ofizial guztiak argitzeko.
Prentsaurrekoaren testu osoa:
Maiatzaren 28az geroztik Etxebarrieta Memoria Elkartea eta Egiari Zor Fundazioa jasaten ari garen erasoen zentzugabekeria salatu nahi dugu. Egun horretan, egiaren, memoriaren eta aitortzaren parametroetan kokatzen ziren zenbait ekimenen berri eman genuen publikoki.
Ekimen horien inguruan beren kontrakotasuna adierazi zuten ETAren biktimen zenbait elkarte eta fundaziok, erakunde publikoei presioa egiteko asmoz eta Auzitegi Nazionalean salaketak aurkezteko, deitutako ekitaldiak egitea debeka zitzaten.
Gure fundazioak antolatutako ekimenak honakoak ziren:
HITZALDI BAT Aranzadi Zientzia Elkarteko historialari eta antropologo baten lankidetzarekin, frankismoan gertatutako indarkeriazko heriotza-kasu bat argitzen laguntzeko, zehazki 1968ko ekainaren 7an, Benta Haundin gertatutakoa, Txabi Etxebarrietarena, hain zuzen ere. Kasu horren inguruan asko idatzi da, baina gaur egun oraindik gertatutakoaren inguruko bertsio kontrajarriak daude.
"Liskar armatua versus exekuzioa" hala, laburbildu ditzakegu dauden bi bertsioak, Eusko Jaurlaritzak 2016an egindako Memoriaren Udal Erretratuak txostenean jasotzen direnak.
Gertaera hartatik 50 urte igaro ondoren, A Coruñako Artxibo militarrean familiak lortutako dokumentazioa argigarria da zentzu horretan, autopsia txostena tarteko. Eta helburu honi erantzuten zion hitzaldiak: dokumentazio hori guztia ikuspegi tekniko eta kualifikatu batetik aztertzea, kasu honi buruzko zalantzak argitzen saiatzeko eta datu berriak mahaigaineratzeko.
Gogorarazi behar dugu dokumentazio hori, Estatuko aparatuek eragindako heriotza kasu askorekin gertatu den bezala, Sekretu Ofizialen Legearen babespean egon dela 50 urte baino gehiago, eta honek ahalbidetu duela enfrentamenduaren teoria ezartzea egia ofizial gisa.
Bestalde, EKITALDI PUBLIKO BAT egingo genuela ere aditzera eman genuen, aldarrikatzeko ofizialki aitortzea beharrezkoa dela Txabi Etxebarrietari bizitzeko eskubidea urratu ziola Guardia Zibil Frankistak. Eta, horrez gain, eskatzeko errekonozimendu ofizialik ez duten gainerako biktimen aitortza ofiziala ere beharrezkoa dela.
Amaitzeko, LORE ESKAINTZA BAT ere egingo genuela aditzera eman genuen, testuinguru berean kokatua.
Joan den ekainaren 2an, ordea, Bilboko Udalak jakinarazi zigun konferentzia egiteko genuen baimena ezeztatu egin zigutela, burutu nahi genuen ekimenaren izaera politikoa zelako.
Horren aurrean, La Bolsa Udaltegiaren zuzendariari eta arlo horretako zinegotzi arduradunari konferentziaren azalpen eta zehaztapen guztiak bidali genizkien. Ez zitzaizkien, ordea, nahikoa iruditu, eta erabakia bere horretan mantendu zuten.
Telefono deiak behin eta berriz egin genituen egoera argitzeko asmoz, baina ez genuen telefonoaren beste aldean inor topatu. Jakinarazpen guztiak, hortaz, emailez egin behar izan genituen.
Beraz, adierazi nahi dugu izugarrizko haserrea sortu digula Bilboko Udalaren jarrerak. Hirugarren batzuen funtsik gabeko ziurtasunetan oinarrituta guk publiko egindako ekimenen xedea eta edukia gurekin kontrastatzeari uko egin zioten eta, horrela, Udalak bere egin du egiarako eta memoriarako eskubidearen aurrean delitua ikusten saiatzen direnen debeku-asmoa.
Bilboko Udala harro dago Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Foro bat eratua izateaz. Foro horrek enpatia eta elkartasuna, tolerantzia eta errespetua, biktimekiko elkarrizketa bultzatzeko konpromisoa eta honelako balioetan oinarritzen duela bere jarduna dio. Aldiz, hipokresia onartezina erakutsi du, Egiari Zor Fundazioaren baitan dauden Estatuaren indarkeriaren biktimak eta Etxebarrieta Memoria Elkartea gaizkile bagina bezala hartuz eta hitza ukatuz.
Salatu nahi dugu Bilboko Udalak espazio publiko bat ukatu digula, Estatuaren biolentzia jasan dugun biktimak modu argian diskriminatuaz. Eta, are gehiago, debeku honek gizarte gisa indarkeriazko heriotza-kasu baten inguruan egia ezagutzeko dugun eskubidea oztopatu duela ere esan behar dugu.
Oztopo horrek, halaber, oroimenerako eskubidea urratzen du. Oraindik indarrean dagoen Eusko Jaurlaritzaren bake eta bizikidetza planak dioen bezala, "iragana argitu beharra dago, etorkizunari aurre egiteko".
Udalaren laguntzarekin bertan behera geratu den konferentzia, erakunde publikoek babestu beharko luketela uste dugu. Txabi Etxebarrietaren kasua bezalakoak, oraindik argitu gabe jarraizten dutenak, ikertzea erakunde publikoen erantzukizuna da, eta baita "enfrentamenduan hila" bezalako aitzakien bidez eraiki diren bertsio ofizialak argitzea ere.
Hala ere, badirudi egia ofiziala zalantzan jartzen duten froga berriak agertzen direnean, deserosoak direla batzuentzat, akaso inposatu nahi diguten kontakizuna kolokan jartzen dutelako, akaso ustezko demokrazia ere kolokan jartzen dutelako. GALen kasuarekin eta CIAren paperekin ikusi dugu, Mikel Zabalzaren kasuarekin, Urigoitiaren kasuarekin, Cabacasen kasuarekin... Noiz arte jasan beharko dugu iraingarria bilakatu den hipokresia hau?
Salatu nahi dugu herri honetako erakunde publikoen partetik ez dugula inolako babesik jaso, ez dutela jakin egoten defendatzen duten horren mailan, eta gure jarduna kriminalizatzen saiatu direla, gatazkaren testuinguruan Estatuaren bortxak sortutako biktimeen eskubideen alde eta egia osoa jakiteko.
Kriminalizatu nahi izan gaituzte, fiskal gisa aritu nahi duten horiek eta Estatuaren bortxaren biktimek gure herriko leku publikoetan zer egin dezakegun edo zer ez erabaki nahi dutenek. Eta Bilboko Udalak hori ahalbidetu du, gure lana kriminalizatu nahi izan dutenen eskakizunei men egin die, egia ezagutzeko borrokan jarraitzen duten senitartekoak, urte luzez ahanzturara kondenaturik egon direnak, babestu beharrean. Erabat lotsagarria da.
Elkarbizitza ez da parametro horietatik eraikitzen, eta bistan da ez zaudetela inori lezioak emateko. Guk lanean jarraituko dugu Estatuko biktima guztiak behingoz aitortuak izan daitezen, eta Txabi Etxebarrietarena bezalako heriotzak, exekuzioak eta eskubide-urraketak ezkutatu dituzten bertsio ofizial guztiak argitzeko.
Egia, aitortza, justizia, erreparazioa, eta, batez ere, biktima guztientzako memoria.