Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ekitaldian, Eusko Jaurlaritzak modu ofizialean aitortu ditu 1960tik 1978ra bitartean torturak eta giza eskubideen urraketa larriak jasan zituzten 35 biktima: larriki zauritu zituzten 3 pertsona, poliziak eraildako beste 1, ondasunen aurkako eraso bat eta 30 torturatu.
Gaurkoa lehen urrats garrantzitsua izan da Estatuak hamarkadetan zehar euskal gatazka politikoaren testuinguruan baliatu duen indarkerien puzzlea eraikitzen jarraitzeko. 35 aitortza horiek puzzle horretako pieza txiki bat baino ez dira.
Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu zuen Legebiltzarrak egin zion eskaera, Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Eguna ofizialki ospatzeko eta biktima horiek gizartearen aurrean aitortzeko helburuz, "giza eskubideen urraketa larri horrek dakarren bidegabekeriagatik". Ertzaintzak torturatutako pertsonen ordezkaritza batek joan den astean eskaini zuen prentsaurrekoan, kritikatu genuen Jaurlaritzak gaurko egunez tortura baliatu izanagatik dituen erantzukizun politikoak bere gain hartzeko ariketa zintzorik egin ez izana. Espero dugu ariketa hori denboran gehiago ez luzatzea.
Behin hori esanda, azpimarratu nahi dugu Egiari Zor Fundaziotik oso balorazio positiboa egiten dugula gaurko egunaren inguruan. Izan ere, Estatuaren biktimen aitorpen ofizialak ekarriko du pixkanaka gainditzea urte luzeetan jasan dugun diskriminazio-egoera, eta pairatutako giza eskubideen urraketak erreparatzeko bidean jarriko ditu.
Ohar honen bidez, gaur azpimarratu nahi dugu izugarri garrantzitsua deritzogula Estatuaren indarkeriaren biktimek (torturatuak, poliziaren indarkeria jasan duten pertsonak, gerra zikinaren biktimak, salbuespenezko espetxe-politikaren ondorio bortitzak jasan dituzten pertsonak...) itortza-eskaerak egiten jarraitzeari. Epea urte amaierara arte zabalik dago eta, beste behin ere, eskaerak aurkezteko laguntza behar duen pertsona orori laguntzeko prest gaudela aditzera eman nahi dugu. Horretarako, nahikoa da info@egiarizor.eus helbide elektronikora idaztea edo telefono hauetara deitzea: 688 619 004 (Ainara Esteran, Bizkaia eta Araba), 600 83 11 84 (Tasio Arrizabalaga, Gipuzkoa eta Nafarroa).
Azkenik, Torturaren Biktimen Babeserako Nazioarteko Egun honetan, gogorarazi nahi dugu tortura milaka lagunek jasan duten praktika sistematikoa izan dela Euskal Herrian. Eskubide urraketa honek eragin dituen biktimak aitortzeko garaia heldu da, eta baita praktikara eraman zuten gobernuek dagozkien erantzukizunak beren gain hartzekoa ere. Zoritxarrez, torturaren biktimok hamarkada luzeetan jasan dugu erakundeen ukazioa, eta horrek zigorgabetasuna eta krimen hori betikotzea ere ahalbidetu besterik ez du lortu. Bada garaia hori behingoz aldatzeko.