60 urte beteko dira Vicente Lertxundi Mayoz donostiarra Martuteneko kartzelan preso zegoen bitartean jasotako tortura bortitzen ondorioz hil zenetik. Egia argitara ateratzeko garaia dela jendarteratzeko, eta Estatuak Euskal Herrian eragin dituen biktimak ofizialki aitortzeko garaia dela aldarrikatzeko, Egiari Zor Fundazioak ekitaldia egingo du Txomin-Enean, abenduaren 26an, 11.00etan.
Garaian zabaldutako bertsio ofizialak Vicente kartzelako erizaindegian artatu ostean libre utzi zutela aditzera eman bazuen ere, senitartekoek egiaztatu zuten funtzionarioen kolpe gogorrak jasan zituela. 1962ko abenduaren 27an hil zen garaiko Erresidentzian, “me han matado, me han matado” intzirika.
Tortura frankismoak utzitako herentzia zitala izan da, euskal herritarrek pairatu dutena, Estatuko gobernuaren kolorea edozein izanda ere: diktaduran, trantsizioan eta demokrazian.
70 urtetan zehar gutxienez 5657 tortura kasu baieztatu dira.
Tortura sistematikoa izan da atxiloketa-zentroetan, eta posible izan da ondo diseinatutako egitura bati esker.
Gertatzen ari zena publikoki salatzea, gorputzetako ubeldurak eta zauriak, biktimak eta beren ingurukoak psikologikoki suntsitzea... Hori guztia ez zen nahikoa izan basakeria horri sinesgarritasuna kendu nahi izan ziotenentzat, hori gelditzeko ezer egin ez zutenentzat.
Ezta torturatzen zituzten bitartean edo torturek eragindako lesio larrien ondorioz pertsonak hiltzea ere. Zehazki, 14 dira Euskal Herrian horrela hil zituzten pertsonak, tartean Vicente Lertxundi.
Estatuak Euskal Herrian eragin dituen biktimak ofizialki aitortzeko garaia dela aldarrikatzeko, Egiari Zor Fundazioak ekitaldia egingo du Txomin-Enean, abenduaren 26an, 11.00etan.